Dirua galgarri

Euskal Nobela Beltzaren Astearen bertze edizio arrakastatsu bat iragan berri den honetan, Mariano Izeta zenaren Dirua Galgarri liburuaren izenburua aukeratu dut atal honetarako.

Sei hamarkada baino gehiago dira Izetak euskal nobela beltzaren aitzindarietako bat argitaratu zuenetik, eta hamarren bat pasako ziren (H)ilbeltza elkartearen ekimenez Baztango Udalak liburuaren edizio berri bat plazaratu zuenetik.

Aspaldikoa da nobela beltza, aspaldikoa Izetaren lana, eta are aspaldikoagoa da dirua beti galgarri denaren sentipena, beharbada dirua existitzen denetik. Segur aski dirua edo aberastasun monetarioa jendartearen maila, beti ekonomikoa, neurtzeko erabiltzen zen ondasun ekonomikoen balantzea egiteko erabiltzen zen izendapena asmatu zenetik.

Euskal Nobela Beltzaren Astea, bertze behin ere arrakastatsua suertatu da, anitza eta aberatsa. Ekimen honen aberastasuna ezin da ezbaian jarri, beti ere, ekonomiaz gaindi ulertua. Aberatsa baita auzolanean, aniztasunean, maitasunean edota elkartasunean, bertzeak bertze. Ezin liteke (H)ilbeltza ekonomian oinarrituta ulertu. Halere, Euskal Nobela Beltzaren Astea aberatsa da, erabat. Baina orduan, zer da aberastasuna?

Aunitzetan erraten da euskara aski hizkuntza aberatsa dela, hitzek berek erakusten dutelako beren erranahia hiztegira joan behar izan gabe. Aberats hitza, beraz, euskara ikasketarik ez dugunok abereekin lotzera garamatza, beharbada garai batean abere aunitz zituena aberatsa izan zitekeela pentsatzera eraman gaitzake hitzak, bere horretan.

Euskaltzaindiaren hiztegira jotzen badugu, aberats hitzak bi adiera ditu. Lehenbiziko definizioan hau irakur daiteke: «ondasun handien jabe dena, diru asko duena». Bada bigarren adiera bat ere: «on edo baliozko den zerbait ugari duena».

Gaur den egunean, argi dago, jendartean lehenbiziko adiera erabiltzen da soilik. Ez dago zalantzarik. Aberatsa ondasun edo diru aunitz duena da, inolaz ere ez dirua alde batera utzita bertzelako gauza onak edo baliozkoak dituena.

Zoritxarrez, hala da, dirua da gure jainkoa eta diruak galbidera garamatza, beti. Jakina da gaur egun bizitzeko dirua behar dugula, eta jendarteak hala bulkatuta diru gehiago eta gehiago pilatu eta xahutzera garamatzala. Gutti duenak, diruarekin amesten du, halabeharrez kasik, bizitzeko nahikoa ez duelako. Bizitzeko nahikoa duenak ere diru gehiagorekin amesten du, nahikoa izanagatik, gehiago izan eta gehiago xahutzeko, hala baitio sistemak. Eta dirua soberan duenak ere gero eta gehiago nahi du, zertarako? Auskalo.

Baina, zergatik baztertu dugu Euskaltzaindiaren hiztegian ageri den bigarren adiera? Aitor ditzagun pertsonen gaitasunak aberastasun gisa, onberatasuna, errespetua, konpromisoa, elkartasuna edota bertzelako tasunak. Izan ere, dirua galgarri den honetan, aberats eta pobre gara aldi berean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun