Izan positibo

Izenburua irakurrita beharbada birus bat etorriko zaizue gogora, baina ez naiz gaurkoan birus bati buruz ariko, edo agian bai. Ez, bederen, azken bi urteetan pertsona guztien ahotan izan den balizko birusari buruz, ez.

Dena den, birus hilgarri bat bezain kezkagarria iruditzen zait bere zabalkundea, eta nire uste apalean, dagoeneko erabat zabaldua dagoen gaitza baita. Jendartean arras barneratua, sistematizatua, nahiz eta dirudienez, hezkuntza arloan eta baita bertze hainbatetan ere azken urteetan zabalkunde hori eteteko eta joera aldaketa bat egiteko neurriak hartzen ari diren.

Aunitzetan ez gara konturatzen, erabat barneratuta dugunaren seinale, baina gaur egungo jendartean ohikoa dugu akatsak, huts egiteak edota gaizki egindakoetan begirada jartzea. Ingurura begira jarriz gero, eta adi-adi jarriz gero, gure egunerokoan adibide aunitz aurkituko ditugu. Ez da gaur egungo moda bat, ez da bat-batean sortutako joera bat, ez, aspaldidanik barneratuta daukagun jokatzeko modu bat da, bizitzeko modu bat.

Ongi egindako gauzetan arreta jarri eta ondokoa zoriondu beharrean, akatsak bilatzen ditugu eta hauek nabarmendu. Bistan da ez duela mundu guztiak berdin jokatzen, negatibotasunaren aldarrikapena baino, baikortasunaren aldeko, positibotasunaren aldeko jende aunitz ere aurki daiteke gure inguruan, nahiz eta, zoritxarrez, nire ustez, guttiengoa diren. Guttiengo horrekin topo egiteak, dena den, onura aunitz dakarzkigu, aski da pertsona positibo baten ondoan egotea bere begirada positiboak dakartzan onura eta pozak sumatzeko.

Egia da, bai, akatsak eginez ikasten dela, bai, eta akatsen bat egiten dugunean norbaitek jakinarazten badigu, hurrengoan akats bera ez errepikatzea suerta daitekeela, baina moduak eta moduak daude hori jakinarazteko. Gainera, beti akatsak edo gaizki egindakoak azalerazten baditugu, arriskua dago pertsona horrek akatsetatik ikasi beharrean, akatsek itoko duten momentua ailegatzea.

Irakaskuntzatik hasita, urte aunitzetan, eta gaur egun ere, batez ere ikasleen adinak goiti egin ahala akatsak zigortzeko joera dago, ongi egindakoagatik zoriondu eta goraipatzekoa baino.

Egunerokoan ere halakoak gertatzen dira, batez ere jendearen aitzinean egiten diren gauzetan. Adibidez, boluntario lana eskatzen duten horietan. Jendeak bere denbora ematen du eta lan horren ondorioz bertze aunitzek onurak jasotzen dituzte, baina aunitzetan, lan hori kontuan hartu eta ongi egindakoak zoriondu baino, hobetu beharrekoak aipatzen dira, eta ez modu eraikitzailean, jendea minduz.

Denok gara pertsonak, zorionez inperfektuak, hortaz, akatsak egiten ditugu, baina aunitzez gehiago dira ongi egiten ditugun gauzak. Elkar zoriondu dezagun bada, elkar animatu eta elkarrekin eraiki!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun