Ikasleak, gurasoak, ikasle eta guraso ohiak, irakasleak eta irakasle ohiak, denak han zeuden, baita Baztan Ikastolaren hainbat sortzaile ere, gaur egun beren bilobak ikastolako ikasle direnak, batzuk. Kontent ziren, duela 48 urte abiatutako ametsa egi bilakatuta. Agintariak eta erakundeetako ordezkariak ere bertan ziren, errate baterako, Baztango Udaleko hainbat zinegotzi, Joseba Otondo alkatea (Baztan Ikastolako ikasle ohia) buru zutela. Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendaria, Josu Reparaz eta lehendakaria, Mikel Asiain ere bertan ziren, baita Euskaltzaindiako kide Sagrario Aleman ere. Zangotxok ere ez zuen hutsik egin, nola ez, bertan izan zen.
Ekitaldia
Egun ederra izan zen, eguraldiak ere lagundu zuen eta bertan bildutakoek adi-adi entzun zituzten Maria Lizardi, Guraso Elkarteko Lehendakariaren eta Iosune Ortega Haur Hezkuntzako irakaslearen hitzak. Ikastolako ikasle batzuk aurreskua dantzatu ondotik hartu zuten hitza eta eskerrak eman zizkieten hurbildutako guztiei. Eraikin zaharberritua 2015eko Nafarroa Oinezko emaitza nagusietako bat dela nabarmendu zuten. Ikastola zaharberritu dutela aipatu zuten, baina ez soilik arkitektonikoki, pedagogiaren aldetik ere ilusioz bete dituen proiektu berri eta garrantzitsu bat abiatu dutela erantsi zuten, izan ere, Haur Hezkuntzako eraikinaren espazioak beren lan egiteko modu berrira egokitu dituzte ikastolan. Espazioak eta Konfidantzaren Pedagogia izeneko eredu berritzaileak bat egin dute. Argitasuna, hormik gabeko espazio zabalak, haurrek goxo eta lasai egoteko guneak, eskalatzeko rokodromoa, bakarkako lanen zein kooperatiboetan ariteko espazioak sortu dituzte eraikin zaharberrituan. Helburu bakarrarekin: haurrak konfidantzan heztea. Umeak bere gaitasunak garatu eta zailtasunak kudeatzeko beharrezkoa du konfidantza bere buruarengan, bertzeengan eta bere inguruarengan, atzo azpimarratu zutenez, eta helduek bidelagun izan behar omen dute. Nafarroa Oinezen eta oro har ikastolaren egitasmoetan jende anitzek erakutsitako konfidantzak eraikin zaharberritua posible izan duela nabarmenduz, Hamabortz Ama Bat! Eskuaraz mundu bat! (2015eko kantuko letraren zatia) oihukatuz bukatu zuten hitzaldia. Gero, atea zabaldu zuten jendeak eraikina barnetik ezagutzeko, bidenabarrean, kanpoan Baztan-zopak dastatzeko aukera izan zen. Denek goraipatu zuten egindako aldaketa, berritasuna, argitasuna, ilusioa eta ikastolara itzultzeko gogoa erakutsi zuen bat baino gehiagok. Aunitz urtez!