Maricarmen

Erabiltzailearen aurpegia Estebe Apezetxe Murua

Bazterrak ederki harrotu ditu azken egunetan Maricarmenen kasuak. Irailaren 23an etxegabetu egin zuten 87 urteko emakumea, bere etxean 70 urtez bizitzen egon ondotik. Putre funts bat apartamentuaren jabe egin, pagatu ezin zuen alokairu bat ezarri eta kaleratu egin zuten gurpildun aulkian zegoen adinekoa.

Polizia etxeko atea botatzen eta hura ateratzen erakusten duten irudiek munduari itzulia eman zioten. Izan duen oihartzunak eta sortutako mobilizazioek Espainiako Gobernua halako kasu gehiagorik ez gertatzeko bi lege dekretu proposatzera bulkatu zuten. Lege hauen bidea, ordea, parlamentuan hil zen eta egungo gobernu ahulduaren azken hatsa izan zen.

Kasu hau alimaleko icebergaren punta bertzerik ez da eta etxebizitzaren afera mahai gainean dagoen arazoa da aspalditik. Auto, telefono, kirol material edo bidaiekin negozioa egiten ahal den edo ez eztabaidagarria izan daiteke; baina hain oinarrizkoa den behar bat ezin da inolaz ere espekulazio iturri izan. Negozio iturri izan beharko ez liratekeen bezala osasuna, elikadura edota hezkuntza. Zoritxarrez, gure «ongizatea» denaren gainetik paratzen omen den gizarte honetan, hauek guziak eta gehiago erabiltzen dira batzuek etekinak ateratzeko; eta hori saihesteko ezinbertzekoa da egun indarrean dagoen legedia errotik aldatzea: bigarren etxebizitzari zergak igan, alokairuan dagoena babestu, hutsik dauden etxeei bide eman... Bada zer egina!

Legeak lege, herritarrok ere badugu gure ekintzetan hausnartzen hasteko ordua. Eta ez, ez naiz hamar etxebizitza dituen eta horiekin negozioa egiten duenaz ari. Azken finean, ez dugu horietaz aunitzik espero. Urrun joan beharrik ez dago arazo honen adibide argiak ikusteko. Gure herrian berean etxebizitzaren legedia aldatzearen alde egonen den euskaldun progre aunitzek dute haien «udako» etxea. Zertarako? Urtean lau asteburu pasatzeko. Bitartean, herriko gazteek (eta ez hain gazteek) zerbait alokatzeko zailtasun handiak dituzte. Burura etortzen zait oraintxe berean etxe bila ezinean ari den bi haur dituen familia. Eta doike, horrelakoetan «udatiarrek» erantzukizun handia dute, dena lotuta dagoen kate krudela baita. Norbera bere xilkoari begira baldin bagaude, nekez aldatuko dira gauzak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun