Kapitalaren sistemak gure bizimodua aspalditik baldintzatzen du. Lanean gehiago produzitzera eramaten gaituzten estrategiak eguneroko ogia dira; lehia enpresen artekoa izatetik, pertsonen artekoa izateraino. Gero eta gehiago produzitu, orduan eta gehiago kontsumitu, eta alderantziz. Akabailarik ez duen zirrika eroa. Ez da deus berria.
Baina azken urteetan lehia horrek lan mundutik denbora librera ere salto egin duela begien bistakoa da, eta bereziki kirolean gertatzen dela erranen nuke. Ez da kasualitatea aisialdian gero eta kirol gehiago praktikatzen duen jendea ikustea. Praktika hau aunitzetan ez da osasunarekin edo zoriontasunarekin lotzen ordea. Eta zoriontasuna izatekotan bizikletaz mugitzen ditugun watt-ek, eskalatzen dugun graduak eta lasterka kilometroa osatzeko behar ditugun segundoek ematen digutela iduri du. Luzaz lehia ezarekin eta abenturarekin lotua egon den mendizaletasunak ere
trail runningari utzi dio lekua. Mendian pasatzen dugun denboraren kalitateak baino gehiago, kantitateak hartu du garrantzia. Ahalik eta gutien, ahalik eta luzeen, ahalik eta gogorren...
Barneko kirolak praktikatzen dituztenak ere ez dira norgehiagoka horretatik eskapatzen. Kasu honetan jendez lepo egoten diren gimnasioetan gure gorputzak fintzen ditugu, gero sare sozialetan txokolate tableta, ipurmasail, beso eta bularraldeak gainerakoei erakusteko. Irudiaren lehiaketa da, itxura fisikoarena, baina funtsean aitzinetik aipatu ditudanak bezalakoa.
Testuinguru honetan doike, multinazionalek irabazten dute. Azken teknologiak bizikletetan, lasterka egiteko zapatiletan, jantzietan... eta azken teknologiek aurrerapenik izan ez badute zerbait asmatu eta aitzinera! Nutrizioarekin ere halatsu gertatzen da. Nork ez du inguruan egiten duen kirolean errendimendu hobea emateko zenbait produktu kontsumitzen dituen (legezkoez ari naiz) ezagun edo lagunik? Eta dena zertarako, bada astelehenean goizeko zazpietan berdin-berdin lantokira joateko.