Preseski, azkena aipatu dudan film hau ikusi nuen duela bizpahiru hilabete: The Magnificent Seven. Ez nuke sobera spoilerrik egin nahi, baina akziozko western honek nekazari herri ttipi bateko istorioa kontatzen du. Bertara enpresa boteretsu bat agertzen da, herritarrei lurrak kendu eta meategietan lanean aritzera behartzen ditu, harik eta herritar batek bildutako zazpi laguneko taldeak enpresaren kontra egiten duen herritarrak eta lurrak askatzeko asmoz.
Pelikula horrek nola ez Aroztegia eta Erdiz ekarri zizkidan burura, bertzeak bertze. Gainera, kasualitateak zer diren, auzipetuak izan diren Aroztegiko proiektuaren kontrako kanpaldian parte hartu zuten kideak ere zazpi dira; pelikulako protagonisten kopuru bera, alegia. Ekimen hartan, filmean bezala, kanpotik herrira etorritako enpresa handi bati proiektu hura gurean ez genuela nahi erran genion ehunka pertsonak. Alabaina, westerneko tiro eta indarkeriarik ez zen izan orduko hartan. Horrez ordez, makinen aitzineko jarrialdiak, kanpin dendetako gauak eta protesta baketsuak izan ziren; desobedientzia zibila, funtsean.
Pantaila handian eta jendea entretenitzeko dena da zilegi, baina errealitateak ez du fikzioaren irudirik normalean, are gutiago sosa tartean dagoelarik. Kasu honetan herri protesta hura zigortu nahi izan dute, eta hogei urterainoko espetxe zigorrak eta 56.000 euroko isunak eskatzen dituzte zazpiendako. Baina zazpiak ez ezik, herriaren borondatea eta desobedientzia zibila bera ere zigortu nahi dira auzi honekin. Gure lurrekin zer egin nahi dugun erabakitzeko eta inposatzen digutenaren kontra protestarik egiteko aukerarik ematen ez badigute, zer gelditzen zaigu?