Azken 365 egun hauetan, 42.000 lagunetik goiti hil dituzte, horietako aunitz adin ttipiko haurrak. Aste hauetan guzietan gure etxeetara ailegatu zaizkigun irudiak arras gogorrak izan dira, eta bistan da horiek krudelkeria eta basakeria horren zati bat bertzerik ez direla izan. Eta azken oldarraldi gogorra aipatu dut, dagoeneko 57 urte baino gehiago pasatu baitira Palestinako lurrak okupatzeari ekin zionetik. 57 urte sarraskiak eraginez, giza eskubideak larriki urratuz, haien lan egiteko edo eskolara joateko askatasuna mugatuz eta klase guzietara umiliatuz. Haien helburu bakarra palestinar herria desagerraraztea da, gelditzen zaizkien lurrak eskuratzeko: XXI. mendeko genozidioa. Hau guzia nazioarteko herrialde aunitzen isiltasun edo konplizitatea lagun dutela.
Paraleloki, hiru urte betetzera doa Errusia eta Ukrainaren arteko gerra ere. Kasu honetan gerraren arrazoi eta ondorioak aski desberdinak izanda ere (horietan ez naiz testu honetan sartuko), AEBek eta Europak erreminta guziak paratu zituzten martxan Errusia ahalik eta gehien zigortzeko. Laguntza militarretik hasi, blokeo eta zigor ekonomikoetatik segitu, eta kirol arlokoetara ailegatu dira neurri hauek.
Hain zuzen ere, azken mota honetako neurriak arras paradoxikoak dira ikuslearen begietara. Europa eta mundu mailako futbol, saskibaloi eta abarren lehiaketetatik errusiar talde eta selekzioak kanporatuak izan diren bitartean, Israelekoek lasai-lasai jokatzen dute. Txirrindularitzan, berriz, Aleksandr Vlasov lasterketako sailkapen eta zerrendetan banderarik gabe agertzen da eta berarekin lehian IsraelPremier Tech taldekoak maillotean Daviden izar erraldoia daramatela. Hain justu ere, Vlasovek berak Olinpiar Jokoetan egoteari uko egin zion Nazioarteko Olinpiar Batzordeak errusiar eta bielorrusiar kirolariak bandera neutroarekin parte hartzera behartu ondotik. Erran beharrik ez da israeldarrek ez zutela horrelako baldintzarik jasan. Dena arras logikoa, ezta?
Afera honek huskeria ematen ahal du, baina kirola, bertzeak bertze, estatuek beren burua zuritzeko erabiltzen duten tresna da, publiko zabalarengana ailegatzen baita. Kasu honetan zuritze horren gibelean alimaleko sarraskiak daude; eta bertze behin ere, nazioartearen inpartzialtasuna eta interes geopolitikoen arteko dema agerian gelditzen ari da. Ez zaie lotsa hondarrik ere gelditzen.