Harrotasunez

Eman ditu azken urratsak Korrikaren 23. edizioak ere. Hamaika egun eta hamar gauez Euskal Herriko errepideetan euskara aldarri izan duen uholdea ibili da. Oraindik datu guziak esku artean ez baditugu ere, erraten ahal da inoizko arrakastatsuena izan dela aurtengoa. Lasterka ibilitako jende kopuruan ez ezik, izan dituen atxikimendu anitzetan ere ikusi ahal izan da hori.

Zaila da Korrikaren fenomenoak sortzen dituen sentsazio eta sentimenduak hitzez azaltzea. Ezagutzen ez duen norbaiti segur aski erokeria irudituko zaio furgoneta baten gibeletik gau eta egun lekukoa eskuz esku pasatuz milaka lagun elkartzen direla ikustea, eta hori guti balitz, kilometroak erosi egiten dituztela jakitea. Baina hori du Korrikak. Gai da bistan denez euskaldun kontzientziatua hunkitzeko, baina baita euskara hain hurbil sentitzen ez duen horrengana ailegatzeko ere. Ruper Ordorikak bere kantuan aipatzen duen euskaldun izateak tarteka sortzen digun nekezia hori atzentzen laguntzen digu egun batzuetan behintzat; geure buruari egiten diogun opari baten gisakoa baita, batetik bertzera pasatzen diren 720 egunetan borrokan segitzeko indarra ematen diguna.

Eta gaur astelehena biharamun, 720 horietatik lehendabizikoa, ezinez baino harrotasunez lehertzekoa. Zerutik lurrera jaitsi eta lekukoa egunerokoari pasatzeko momentua berriz ere. Korrika ailegatzen zaien horiei guziei ailegatzeko momentua da, haiek gurera hurbiltzekoa. Eta ez naiz euskaraz ez dakitenei buruz ari, ez, edo ez horiez soilik. Jakin bai, baina sobera (edo batere) erabiltzen ez dutenak dira gurera ekarri behar ditugunak. Hori lortzeko lehen pausoa egiten dugunaz eta garenaz harro egotea da, baikortasunetik egitea. Baionako mezuan irakurri zen bezala, trantsizioa emanen bada kolektiboa eta antolatua izanen baita, elkar zainduz eta bidea bizigarri eginez.

Ez dut idatzia akitu nahi eskualdean Korrika antolatzen aritu diren guzien lana azpimarratu eta haiei eskerrak eman gabe. Eta doike, kilometroak erosiz, laster eginez eta bertze edozein modutan lagundu duten guziei ere bai! Indibidualismoa gero eta handiagoa den garai honetan, badira harro sentiarazten gaituzten herritarrak oraindik! Biba zuek eta gora Korrika!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun