Diskriminazio positiboa

Uda azken hatsetan dugu eta honekin batera herrietako azken bestak ere ospatzen ari dira asteburu hauetan. Bestez gain, uztail honetan Baztandarren Biltzarrak 50 urte bete zituen. Eguna bera normaltasun osoz joan zen, baina sare sozial ezagun batean alimaleko kalapita piztu zen aitzineko astean.

Bertan lagun batek besta hori euskara hutsean izatea kritikatu zuen, eta adierazi zuen bera eta bertze baztandar aunitz baztertuak sentitzen zirela euskaraz ez jakiteagatik. Hori guti ez, eta udalak edo bertze erakunde zein taldeek bailaran antolatutako kultur ekitaldi, ikastaro, hitzaldi eta gisakoak ere euskara hutsean izatea gaizki iruditzen zitzaiola adierazi zuen. Jasaten duten diskriminazioa eta baztandar erdaldun gisa dituen eskubide linguistikoak aipatuz akitu zuen diskurtsoa.

Erran bezala, mezuak erantzun uholdea ekarri zuen eta aldeko nahiz kontrako iruzkinak agertu ziren. Mezua bera bezain tristeak (edo agian tristeagoak) iruditu zitzaizkidan idazlea hauspotzen zuten batzuen erranak, salaketa hori egitean izandako «ausardia» txalotzen zutenenak.

Euskaraz bizitzea amets dugunondako mingarriak dira gisa honetako iritziak. Zer eta erdaldunek euskaragatik bizi duten diskriminazioa aipatzea ere! Baztandarren Biltzarra sortu zen garai hartan hemengo eskoletan gure aitatxiamatxi edo gurasoak zigortuak izaten ziren. Ez dago garai ilun haietara joan beharrik, ordea, euskaldunok gure etxean berean jasaten ditugun bazterkeriak harrapatzeko. Gaur egun, baztandarrok ez dugu gure hizkuntza bermatua osasuna eta hezkuntza bezalako alorretan. Gainera, Nafarroako Gobernuaren borondate eskasa eta auzitegiek gero eta maizago paratzen dituzten trabak ikusita, ez dirudi egoera berehalakoan aldatuko denik. Ba al da hori baino hizkuntza eskubide urraketa handiagorik? Zer erranik ez, kultura, kirola edota aisialdiaren parte diren egitasmoak erdaraz izaten dira gehienetan; haurren marrazki bizidunetatik hasi eta sare sozialetaraino.

Gauzak horrela, gaur inoiz baino beharrezkoagoak dira euskara hutsean egiten diren ekimenak. Mezu horietan aipatzen zen hizkuntzen arteko «bizikidetza zoriontsua» ezin da izan bata bertzearen zangopean dagoen bitartean. Eta bien (edo hiruen) arteko parekidetasuna lortzeko ahulenari laguntzen segitu beharko dugu; izan Baztandarren Biltzarra, udalak antolatutako ekitaldi edo egunero gure hizkuntza zaharrari hatsa emateko lanean ari diren euskaltzale finei esker.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun