Don't Look Up pelikularen eszena sinestezinen batetik ateratakoak ziruditen erreakzioak berehalakoak izan ziren: memeak, merchandisinga, mezuak... Bereziki atentzioa eman zidaten sare sozialetan eskuaren argazkia lagun publikatutako esaldi batzuk. Ez esaldiagatik, zabaltzen ari zirenengatik baizik. «Sorionekuagoak izanen ginateke euskaraz gehixeago arituko bazinete», pentsatu nuen nire baitan. Soritxarrez itxurakeria doktrina da irudia gurtzen dugun denbora zozo hauetan.
Bistan da Aranzadiren aurkikuntza apartekoa dela arkeologikoki ez ezik, sinbolikoki ere. K.a. I. mendean Nafarroako inguru hartan hizkuntza baskonikoan (gaur egungo euskararen aurrekaria zena) solastatzen zirela argi gelditu da, baita hizkuntza hartan alfabetatuak zirela ere. Horraino ados. Afera bertzelakoa da, ordea, hau guzia proiektatzeko dugun moduari begiratzen badiogu. Euskaldunoz ari naiz, doike. Gaur garena justifikatzeko, izan ginen haren beharra dugula iduri du; erranez bezala «hara zergatik garen gu euskaldunak, orduan halako brontzezko eskuetan delako hori paratzen zuelako».
Alabaina, izan ginen hark gaur garen hau ez du egiten, ezta biharkoa eginen ere.
Soziolinguistika Klusterraren azken karrika neurketen arabera, 15-27 urte bitarteko gazteen artean % 12koa da euskararen erabilera. Euskal Herriaren zati aunitzetan ezagutza ziurtatua dagoela kontuan hartuta datu kezkagarria da. Gurean ere kontua ez doa aise hobeki. Hori ikusteko aski da institutuan itzuli bat ematea. Hala ere, gazteak ez dira egoera honen erantzuleak; ez bakarrak, bederen. Edo akaso alaba edo semea D ereduan matrikulatzen duen guraso euskaradun belarrimotzak uste al du ez dutela bide bera segituko bere ondorengoek? Nolako egurra, halako ezpala... Garbi dago ziztu bizian doan mundu globalizatuak ere ez duela sobera laguntzen.
Hala bada, erakargarria izateko euskarak erreferentzialtasuna behar du, baikortasuna, takoak eta esaldi irri-egingarriak. Karmele Jaiok Donostian aldarrikatu zuen gisa jainko ttipi inspiratzaileak behar ditu aro digital ero honetan. Purismoak utzi eta hizkuntza bat egunero berritzen den zerbait dela onartu behar dugu, zikinduko duen norbait izaten segitu dezan, bizitzaz lohituko duen norbait. Etorkizuneko hizkuntza izateko, eta ez dadin Irulegiko eskua bezala museo baten parte izan.