Kalina, Vladimir eta Abderrman

Erabiltzailearen aurpegia Estebe Apezetxe Murua 2022ko uzt. 17a, 11:00

Ipuin baten izenburua izaten ahal zen edo txiste txar horietako baten hasmenta, baina hiru izen hauek errealitate gordinetik gehiago dute fikziotik baino. 1966ko western pelikula hartako Zintzoa, Gaiztoa eta Itsusia paperak ederki doazkie ondoko protagonistei.

Zintzoa: Svyatoslav Palamar, Kalina ezizenez ezagutua, Mariupoleko Azovstal plantan errusiar soldaduek inguratuta iraun zuen Azov Batailoi ultraeskuindarraren komandanteetako bat da. Komunikabideetan erresistentziaren ikur moduan saldu dizkigute, baina nazi hauek 2014an Ukrainan estatu kolpe bidez izan zen gobernu aldaketaren bultzatzaile izan ziren. Orduan hasi zen gerra zibila herrialdean, eta ez orain hemen saltzen diguten bezala. Ekialdeko Donbassen gehiegikeria handiak egin dituzte azken zortzi urteetan talde honetakoek eta estatu kolpearen ondorioz boterean zegoen «gobernu demokratikoak» armadan integratu zituen.

Gaiztoa: Argi eta garbi dago paper hau Putini eman beharrekoa dela. Europa eta AEBetako politikari eta hedabideek behintzat aspalditik esleitu diote. Segur aski ez da bere gisako agintari gehienak baino hobea izanen, eta halaber nekez izanen da haietako batzuk baino okerragoa. Interes geopolitikoen norgehiagokan bere posizioa defenditu nahian Ukrainan sartzeko agindua emanda sarraskiaren erantzuleetako bat da; ez bakarra, ordea. Aipatzekoa da 1991n Sobietar Batasuna desegin zelarik NATOk ekialderantz ez zela hedatuko hitz eman zuela eta ordutik 14 herrialde gehiago sartu direla aliantzan. Txina eta Errusiaren garapen ekonomikoaren aitzinean AEBen eta bere txotxongilo europarren ahuldutako nagusitasuna mantentzeko estrategia da. Hori da guda honen arrazoi nagusietako bat.

Itsusia: Eta zer ikusteko du bada Abderrman izeneko honek lerro hauetan aipatzen ari garen gerra honekin? Bada, guti eta era berean aunitz. Abderrman Bas ginearraren gorpua ekainaren 18an atera zuten Bidasoa ibaitik. 2021eko apiriletik bertan itotzen den bederatzigarren migrantea da, bigarrena 2022an. Baina doike, hauek ez dituzte ile horia eta begi urdinak. Azken hilabeteetan Ukrainako gerratik eskapo gurera ailegatu zaizkigunak hartzeko elkartasun uholdea hedatu den bitartean, egunero Bidasoaz gaindik pasatzen diren ehunka afrikarrekin ez ikusiarena egiten dugu. Alta, hauek beren herritik atera behar izatearen erruaren zati handi bat gurea ere bada.

Abilak gara mendebaldean demokraziari, etikari eta elkartasunari buruzko irakaspenak ematen. Gerra batzuk zilegi dira, bertzeak inbasioak; migrante batzuk errefuxiatuak dira, bertzeak paperik gabeko etorkinak. Denborak paratuko ahal du bakoitza bere lekuan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun