Hollywoodeko gidoilari onenak ere nekez idatz zezakeen bizitzen ari garena baino istorio makurragorik. Dena akitzen hasi zela iduri zuelarik azken sorpresatxoa altxatua ziguten agintariek: Covid pasaportea. Neurri honen ezarpena berez oinarrizko eskubideen kontrako erasoa da, muga sozialak inposatzen baitizkio ez duenari. Frantzian berriki gogortu dute agiri honen inguruko legedia eta Macron presidenteak inolako lotsarik gabe adierazi du txertatu gabeak «izorratzeko» egin duela. Orain arte balio zuten PCR negatiboak ez dira onartuko hemendik aitzinera zinema, ostatu edo kirol instalazioetan sartzeko.
Baina ez dago bertaraino joan beharrik arau honen kontraerran zientifikoak agerian uzteko. Bertzela nola ulertzen ahal da eritasuna pasatu eta gero birusaren kontrako antigorputz naturalak dituzula ziurtatzen duen odol azterketa bat ez aski izatea agiri hau jasotzeko? Horixe bera gertatzen ari da hemen bada... Akaso txerto bati esker sortutako balizko antigorputz horiek baliagarriagoak al dira gure gorputzak modu naturalean sortutakoak baino? Interes ekonomikoaz gain, zer gehiago dago guziaren gibelean?
Neurria bera baino kezkagarriagoa iruditzen zait honen aitzinean hartzen ari garen jarrera epela. Ezkerrekoak omen diren alderdiak isilik edo mintzatzekotan ahopeka, burrunba sobera atera gabe, inor mindu ez dadin. Hedabideak (idazten ari naizen hau barne) kutsatu eta hildakoen kopuruen dantzan, Foruzaingoak kale edanean identifikatutako gazteei buruzko berri inozoetan edo ildo bakarreko «eztabaida» zentzugabeetan itota. Ez dago lekurik deus zalantzan paratzeko, eta paratuz gero negazionismoaren edo insolidarioaren domina laster irabazten da.
Eta herritarrok? Fokua erabat aldrebestuta dugu. Osasun sistemaren kolapso eta profesionalen faltaren arduradunak bilatu ordez, gure karriketan hiru koloretako poliziak elkarri begira zergatik dauden erizainak eskas diren bitartean galdetu beharrean, apoak eta sugeak botatzen dizkiogu konfinamenduan kanpora ateratzen denari, edo heriotzak egozten txertatu ez denari. Izan ere, aise errazagoa da ondokoa zanpatzea sistemaren kontra egitea baino.
Nolabaiteko gurasokeriaz eta trufatzaile begiratzen diogu Erdi Aroko jendarteari agoteek jasaten zuten bazterkeriari buruzko istorioak aditzen ditugularik. Legenarra zabaltzen zuten ustean oinarrituta herrietatik uxatzen zituzten, elizan zokoratzen eta bereizgarriak eraman behar izaten zituzten. XXI. mendean ere ez du iduri gauzak sobera aldatu direnik eta bateko osasuna dela, bertzeko segurtasuna dela, edozer justifikatzen edo onartzen dugu. Orain ziurtagiria da, ondokoa zer? Gero ez du balio negar egiteak...