Herri mugimenduari betiko formulekin erantzun diote eta jadanik hamar lagun auzibidean paratu dituzte hainbat delitu leporatuz. Alta, ez du iduri hori denik egitasmoaren baliagarritasunaz eta onurez konbentzitzeko estrategiarik onena. Gaiak gainera, hemengo mugak zeharkatu eta Euskal Herri osoan oihartzun handia izan du. Nafarroan interes orokorreko proiektuak bideratzeko onartutako Udalez Gaindiko Plan Sektoriala (UGPS) enpresa pribatuen zerbitzura paratzea aitzinkari zinez arriskutsua da. Gaur guri tokatu baitzaigu, baina baliteke bihar Lizarran, Izaban, Kasedan edo Arantzan gauza bera egitea...
Alde daudenen argudioak nagusiki bi dira: sosa eta lana. Ez da horrelakoak aditzen ditugun lehendabiziko aldia. Berriz ere gure inguruan bueltaka dabilen Erdizko harrobiarekin gauza bera gertatu zen. Dirudienez dena da zilegi diru hotsen aterkiaren azpian. Oparotasuna ekarriko omen dute bailarara, lana, turismo eredu berriak, bertako gaitz guzien sendabidea... Kontra gaudenak ordea, kobazuloetan bizi nahi dugun cromagnonak omen gara, turismoaren kontra gaudenak, landetxeen kontra, Baztanen lan egiteko aukera izateari uko egiten omen diogu... Hau guzia ez da nik asmatua, azken asteetan sare sozialetan irakurritakoa da.
Egoera desblokeatzeko soluzio bakarra gisa honetako pisua duten erabakietan herriari hitza ematea da. Erdizko harrobiaren kasuan, Batzar Nagusiak herri kontsulta bat gauzatzeko prozedura abian jarri berri du. Gauza bertsua egin zuen Aroztegia eta gero zer? plataformak 2016an eta orduko galdeketan parte-hartzaileen gehiengo zabala proiektuaren aurka agertu zen. Aldekoek, berriz, ekimen hari aipua kentzeko hautua egin zuten. Ez dakit zergatik beldurtzen dituen gure etxean egin nahi duguna denon artean erabakitzeak. Nik, behintzat, aski begi onez ikusiko nuke horrelako iniziatiba bat. Baietzak irabaziz gero, apaltasunez emaitza onartuz; baina ezezkoa nagusituko litzatekeen konbentzimendu osoarekin...