Itxura batean berri arruntak iduri dute biek ala biek, baina kontatzeko moduari erreparatzen badiogu segidan ohartuko gara lerro artean gordetzen dutenaz. Lehendabizikoa aditzean, nire baitan hausnarketetan galdu nintzen albistearen jarraipenari kasu handiegirik egin gabe. «Ez al zen bada berria berdin ulertuko kazetari batzuek hain maite duten 'terrorista' ohartxoa gibeletik ezarri gabe?» galde egin nion neure buruari. Horretan nintzela etorri zen asteon aipatu dudan bigarrena eta hausnarketak haserreari pasatu zion lekukoa. Gazte tunisiarraren erasoarekin egin zuten konnotazioaren gisakoen arrastorik ere ez.
Bistan da terrorismo hitzari ematen zaion erabilerak neutraletik gutxi duela. Euskaldunok ongi aski ikasi dugu hori urte luzeetan zehar, eta oraindik orain ere hitzetik hortzera darabilten kontzeptua da. Edozein disidentzia edo mugimendu isilarazi nahi izan da etiketa beraren azpian atxiloketak eta torturak mozorrotuz. Kontzeptu ideologikoa da hortaz, egungo sistemen legitimazioan oinarritua eta edozein aurkari politikori gaitzesgarri gisara aplikatzen zaiona. Berdin da arerio hori euskalduna, kurdua, korsikarra edo arabiarra izan. Ez naiz ni arabiarren borrokaren legitimazioan sartuko, baina garbi dago ETB eta enparauek ez dituztela berdin izendatzen mendebaldeko herrialdeek euren interes ekonomiko eta politikoak defendatzeko bertze herrialdeetan eragiten dituzten gatazka eta sarraskiak. Ongiaren eta gaizkiaren dominak aspaldi paratuta daude, antza.
«Gauzak erratetik erratera alde ederra dago eta horrek iritzi publikoan duen eragina ikaragarria da»
Horrelako berrien aitzinean ETBk lehengo lepotik burua baldin badu ere, aise kezkagarriagoa iruditu zait bigarren berrian ultraeskuindarraren esaldi xenofoboaren aitzinean kazetariak hartutako jarrera epela. Dirudienez beltzak karriketatik ateratzearen beharraz egindako adierazpen arrazistak jendartearen baitan zegoen tentsioa bertzerik ez zion ekarri burura kazetariari. Beharbada kasualitatea izaten ahal da, baina kausalitatetik gehiago ez ote duen pentsatzen jarria nago ni.
Gisa honetako balorazioak eguneroko ogia dira hainbat kanaletako informatiboetan, eta nola ez ETBkoetan ere bai. Gauzak erratetik erratera alde ederra dago eta horrek iritzi publikoan duen eragina ikaragarria da. Azken finean, hein batean entzuten eta ikusten duguna gara. Beraz, uste dut Euskal Herriaren komunitate politikoa eratzen laguntzekotan, bertze modu batera eman behar dituela mezuak telebista publikoak. Entzuten eta ikusten duguna ez izateko.