Osasun-krisi honek ordea, pandemiaren aitzinetik nabaritzen hasiak ginen krisi ekonomiko, ekologiko eta sozialean eragin handia izanen du eta hausnarketa sakonak egitera behartuko gaitu etorkizunean.
Bizitzen ari garen egoerak sendoak zirela erraten ziguten sistemaren zutabeak ederki astindu ditu. Mendebaldeko kulturako klase ertain eta altuko zuriok konturatu gara gure erosotasuna hari fin batetik dagoela zintzilik. Kasik hilezkor egiten gintuela uste genuen osasun-sistema indartsua hankaz goiti jarri du izate mikroskopiko batek. Ospitaleak, mediku eta erizainak gaindituta eta segurtasun neurri eskasekin, alor publikoaren garrantzia mahai gainean jartzera heldu dira orain arte pribatua elikatu dutenak ere. Eta pribatura etorrita, ezin zahar etxeak aipatu gabe utzi. Haiek kudeatzen dituzten enpresen irabazi asmoak egoiliarren zaintzaren gainetik daudela argi gelditu da eta horrek hautsak harrotu ditu. Zaintzaz gain, luzaroan baztertuta egon diren lanbideak erdigunera ekarri ditugu; garbitzaileak, dendariak, kutxazainak, garraiolariak eta lehen sektoreko langileak, bertzeak bertze. Gizartearen %85 bizi den hirien egituraketa ere eztabaidagai izan da. Kontsumorako prestatuta daudela garbi gelditu da eta honelako egoera baten aitzinean dituzten gabeziak plazaratu dira. Eredu kapitalista da funtsean seinalatuta gelditu dena. Barne Produktu Gordinaren etengabeko hazkundean oinarritzen den ekonomiak aurrez aurre talka egiten du gisa honetako gertakariekin eta jadanik lehenik argi gorria piztuta zuen larrialdi ekologikoarekin.
«Gure esku dago ingurukoei zer etorkizun utzi nahi diegun erabakitzea»
Eta hemendik aitzinera zer? Pasatu dugunak mundua aldatuko zuela erraten zen eta orain arte bizitakotik gutxi izanen zuela normaltasun berria deitu dioten horrek. Kontsumitzeko eta erlazionatzeko moduak aldatuko omen genituen eta arduratsuago bihurtuko omen ginen, elkartasuna indibidualismoaren gainetik jarriz. Eta agian hala izanen da, baina momentuz behintzat burua lepo beretik dugula ematen du. Konfinamendua akitu bezain laster, ekonomia suspertzen laguntzeko deia zabaldu dute agintariek edo ongi dakigu hori nola egitea aurreikusten den: neurririk gabe kontsumituz, erosiz, bidaiatuz...
Munduak lehen abisua pasatu digu eta gure esku dago gure ingurukoei, seme-alabei, ilobei edo bilobei zer etorkizun utzi nahi diegun erabakitzea. Albert Einstein zientzialariak bere esaldi famatuetako batean erraten zuen emaitza desberdinak lortu nahi badira, ez direla ekintza berberak errepikatu behar. Guk ordea, formula zaharrak aplikatzen segitzen dugu harri berean behin eta berriz tupust egiteko dugun ohiturari eutsiz. Normaltasun berri, zaharrak berri!