Azken urteetan pobrezia gero eta handiagoa ikusten da. Ikusi bertzerik ez dago edozeren prezioa. Lege gero eta gogorragoak. Ongizate estatuaren suntsitze progresiboa. Ideia eta talde faxisten zabalpena. Gerra Europan bertan. Genozidioa, telebistan zuzenean eskainia. Garai batean promes eta ilusio zirenak, pixkanaka-pixkanaka desegiten. Eta, aldi berean, ideia eta praktika faxisten eta erreakzionarioen orokortzea, eta ez bakarrik talde faxisten aldetik.
Orain arte nolabaiteko bake sozial bat mantendu ahal izan da Europan, bertako oligarkiak bizi maila on orokortu bat sortu ahal izan duelako bertako langileongan. Bertze langile batzuen kontura izan da hori, jakina: Hirugarren munduan Europako oligarkiak lortu ahal izan duen irabazi guztiarekin posiblea izan zaio bere lurretan langileria erostea. Baina hori bukatzen ari da, bertzeak bertze, Europatik kanpo herrialde aunitzek (Txina, kasu) pastelaren zati gero eta handiagoa eramaten ari direlako. Horren ondorioz, gure lurretan ezagutu duguna bukatzen hasia da, eta gero eta kapa zabalagoak ari dira pobreziara hurbiltzen.
Zein da egoera horretan ematen ari den erantzuna? Ba, lehenik eta behin gerra. Gerraren azken helburua diru gehiago lortzea izaten da, eta aspaldiko partez Europako lurretan ikusten ari gara. Ekialde Hurbilean ere, denak segitzen ari gara palestinarren kontrako genozidioa. Honetaz gain, langileon bizi mailak jaistea, bai prezioen igoeraren eraginez, bai ongizate estatuaren desegitearen bidez. Eta, azkenik, egoera honetarako erabilgarri eginen zaien kultura gero eta erreakzionarioa eta autoritarioagoa sustatzea.
Berak sorturiko miseriaren ardura hartu beharrean, arazoaren fokua beregandik urrundu eta gizarteko kaparik zapalduenak egiten ditu miseria horren errudun, langileon arteko etsaitasuna sortuz. Horregatik diogu faxismoaren goititzea ez dela kasualitate, kapitalari, ahultzen ari den momentuan, erabat funtzional egiten baitzaio langileon arteko etsaitasuna bultzatzen duen kultura hau.
Beraz, promesa faltsuetan eraikitako gaur eguneko Europa honek ez du langileontzako etorkizun oparorako aukerarik emanen. Eta bizi baldintzen okertze honen kontra, zapalduon arteko seinalatzeak sustatu ordez, beharrezkoa da honen erantzuleak seinalatu eta gure artean antolatu eta egoera honi kontra eginen dion kultura sortzen hastea. Langileon batasunak eta antolakuntzak soilik eginen baitio kontra heldu zaigun basakeriari.