Ongi etorri

Abenduaren 16an Eibarko Astelena pilotalekuan Euskal Herriko Kontseilu Sozialista (EHKS) aurkeztu zuten 1.500 lagunek. Bertan azaldu zutenez, Euskal Herriko Mugimendu Sozialistaren erreferente politikoa izanen da, eta komunismoa langileon artean hegemoniko bihurtzea izanen du helburu.

Mugimendu Sozialistak hasieratik kritikatu izan ditu instituzioak zein alderdi instituzionalak, eta bada EHKSren sorrera ongi ulertu ez duenik ere. Alderdiak kritikatzetik alderdi bat sortzera?

Hasteko eta behin, zehaztu behar da EHKS ez dela alderdi bat, mugimendu politiko baten erreferentzia nagusia izanen den antolakundea baizik. Baina alderdiaz solas egiten dugunean ere, ez dugu alderdi instituzionalaz solas egiten. Alderdi komunistak, gizartearen zati bat (alderdi bat) bertze modu batean antolatzeari egiten dio erreferentzia, burgesiaren alderdiarekin talkan egonen dena.

Bi alderdi mota daude, beraz, ikuspegi marxistatik: Burgesiaren alderdia eta langile klasearena. Burgesiaren alderdiak kapitalismoaren jarraipena bilatuko luke, eta alderdi komunistak, berriz, klaserik gabeko gizartea ezartzea, langileok produzitzen duguna langileon eskuetan geldituz, burgesiak ebatsi beharrean.

Burgesiaren alderdiak burgesiaren sistema mantentzea helburu izanik, hainbat espresiotan agertzen zaigu: Eskuin muturretik hasi eta ezkerreko alderdi sozialdemokratetaraino, kolore guztietako alderdiak. Denek kapitalismoaren biziraupena helburu, batzuk itxuraz modu autoritarioagoan eta bertzeak modu justuago batean antolatu nahirik, konturatu gabe klase gizarte batean bizi garen bitartean ez dagoela modu justuagorik. Are gutxiago pastela gero eta txikiagoa denean, aspaldian bizi dugun krisia dela eta (horregatik prezio gero eta garestiagoak, lege gogorragoak...).

Marxismotik planteatzen den langileon alderdiak sistema honen gainditzea planteatzen du, ez sistema honen gestioa. Instituzioetatik kanpo antolatuz (baina aldi berean instituzioetan parte hartzea baztertu gabe, beti ere agitazio eta propagandari begira) langileon botere propioa sortzea: Munduaren ikuskera komunista bat zabalduz, ekonomia propio bat garatzeko pausoak emanez, etxebizitzaren esparruan antolatu eta etxebizitzak geureganatuz, logika kapitalistatik kanpoko kultura sustatuz, eta abar eta abar. Komunismoak aukera politiko erreal gisara agertu behar du berriz ere langileon imajinarioan, errealitateko egunerokotasun miserablearen gainetik.

Alderdi komunistak momentu edo fase konkretu bati egiten dio erreferentzia, langileriak gauzak aldatzeko influentzia erreala duen momentu bati. Horretarako bi baldintza markatzen dira: Langileriaren gehiengoaren babesa edukitzea alderdi horrek eta langileriaren momentuko arazo nagusiei aurre egiteko maila internazionalean antolatzearen beharra. Bi baldintza horiek konplitzeko bidea egiteko jaio da EHKS.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun