Enpresari eta agintarien erasoaldiaren aurrean

Kapitalismoaren krisi sakona bizitzen ari gara. Bankari eta enpresari handiak negozioa egiten ari dira krisi honen kontura, langileen soldatei eraso egiten ari diren bitartean.

Hau ez da zerbait naturala, hau enpresari handien eta agintarien erasoaldi bat da: banku zentralena, nazioarteko diru funtsena, energia konpainia handiena, putre funtsena, etab. luze bat. Hauen diru gosea langileriaren miseria handitzean oinarritzen da.

Azken urteei begiratuz ikus dezakegu joera hau gelditzeko etorri dela. Izan ere, kapitalismoaren ziklo ekonomiko berri batean sartu gara eta ziklo horretan, langileen pobrezia eta eskubideen ezabapena ez dira salbuespenak izanen, normaltasun berria baizik.

Politikari profesionalak, langileon aurkako erasoaldi honen parte dira. Ez bakarrik politika parlamentarioa eliteen menpekoa delako, baita erasoaldi honetako onuradunetako bat politikari profesionalak direlako ere. Hilabetero alderdi politikoetako milaka liberatuen soldatak ordaintzen dizkiete, beraien egoitzak eta gastuak ordaintzen dizkiete, administrazio zein enpresetan karguak eskuratzen dituzte eta bertzelako pribilegio batzuk dituzte. Hau da, enpresari eta bankari handiek abiaturiko erasoaldiaren onuradun zuzenak dira. Egoera honen onuradun izaki, ez dute herritarren bizitza hobetzeko interesik. Nahi dutena erraten ahal dute, baina ez gaituzte engainatuko: salbuespen politika ilegalak aplikatu dituzte, kode penala gogortzen ari dira, militarren aurrekontua areagotu dute gerra testuinguruko zifrak ikus daitezkeelarik (gerrara eramanen gaituzte?), poliziaren baliabideak handitu eta hauen kondizioak hobetu dituzte... Ikus dezakegu zer egin duten politikariek azken urteetan.

Beraien sakelak goraino betetzen dituzten bitartean, langileen bizi baldintzak okertzen doaz, proletarizazio prozesu orokorra martxan dago. Orokorrean bai, baina gazteen esparruan are agerikoagoa da hau. Lan baldintza prekarioak, bizi ereduaren okertzea, prezioen igoera eta autoritarismoaren gorakada nagusi dira gazteen artean. Etorkizun oparo edo duin bat irudikatzea gero eta zailagoa da gazteen artean, miseriazko soldaten truk lan egiten delarik, eskubide politikoak gero eta murritzagoak direlarik, etab.

Egoera honen aitzinean, urtarrilaren 28an mobilizazioetarako deia egin du Gazte Koordinadora Sozialistak Iruñean eta Bilbon, Enpresarien eta agintarien erasoaldiaren aurrean, gazte langileok borrokara! lelopean. Gauza jakina da mobilizazio batek ez duela enpresarien erasoaldia bukatuko, baina gazteen zein helduagoen artean antolakuntza eta borrokarako grina hedatzeko erabili nahi da. Gero eta jende gehiago eta gero eta lurralde gehiagotan mobilizatzeko testuingurua sortu nahi da, baita enpresarien eta politikarien eraginpetik kanpo antolatzen segitzeko bitartekoak sortu ere. Horri bultzada bat emateko erabili nahi dira mobilizazio hauek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun