Ez dakit konturatu garen bai politikari profesionalen, bai komunikabideen helburua gure atentzioa desbideratzea dela. Gezurra erran behar digute, egia erranez gero ez genukeelako inork beraietaz ezer jakin nahi izanen, ez genielako bozkatuko. Eztabaida faltsuak.
Urtarrilaren 29an manifestazio jendetsuak egin ziren Bilbon zein Iruñean, GKSk (Gazte Koordinadora Sozialistak) deituta. Politikariek eta komunikabideek saltzen diguten eztabaida faltsu guztiez harago, gauzak bere sakontasunean ulertu eta azaltzeko borondatea dauka mugimendu honek, eta horregatik lortu du hain urte guttitan, existitzen ez zen zerbait izatetik kontuan hartzeko indar bat izatera pasatzea.
Covid-a existitzen da. Hortik aitzinera, ziur aski bere larritasuna aunitz haunditu dute gure agintari zintzoek. Eta dudarik gabe, konfinamendua hasi eta, hirugarren egunerako GKSk salatu zuen bezala, osasun-arazo honen aitzinean ematen ari diren erantzunak gutti dauka osasunetik, eta aunitz autoritarismotik. Pandemiaren eskusa erabiliz, langile klasea diziplinatzen ari dira. Gure egoera ekonomikoa gibelka doan bitartean, Covid pasearen edo maskararen karrikako erabilera bezalako neurri faltsuen derrigortasuna ezartzen dute, poliziaren diru-partidak handitzen dituzte, murrizketak onartzen dituzte (Europako diru funtsak onartuz, edo lan erreforma indarrean mantenduz), osasungintza deuseztatzen ari dira, eta abar luze bat.
GKSk markatzen duen bertze gauza bat, politikari guztiek berdina egiten dutela da. Eta izan ere, aipatzen ari naizen egoera hau guztia (ekonomikoki langileok gero eta okerrago egotea, politikoki langileok gero eta eskubide guttiago izatea) «historiako gobernu aurrerakoiena» omen denarekin ari da gertatzen, hau da, PSOE-Podemos gobernuarekin eta, bertzeak bertze, EH Bilduren eta ERCren babesarekin. Honek agerian uzten du politikari profesional guztiak burgesiaren intereserako lanean ari direla, ezker-eskuin abaniko guztia. Interesgarria litzateke ezker-eskuin eztabaida faltsu horrekin bukatu, eta honetan ere gauzei bere izenez deitzea: Burgesiaren alderdiak (eskuin-ezker abaniko guztia) edota langileon alderdia (gaur egun oraindik existitzen ez dena, zoritxarrez).
Bazter ditzagun eztabaida faltsuak, eta uler ditzagun gauzak bere sakontasunean. GKStik langileon alderdi hori bultzatzeko lanean segituko dugu. Aipaturiko manifestazioetako lemarekin bukatuko dut kolaborazio hau: «Burgesiaren diktadura gelditu! Ofentsiba politiko eta ekonomikoa borrokatu!».