Baina... zer da polizia? Baliteke polizia demokratikoa? Poliziak legeak betearazteko daude. Legeak dio, hipoteka bat ordaindu ezin baduzu, etxetik joan behar zarela (eta bankua hamaikagarren etxearekin geldituko dela, momentua ailegatzean espekulatzen eta aberasten segitzeko, zu etxerik gabe uzten zaituzten bitartean). Nahiko kasu agerikoa eta erraza. Ze eginen luke poliziak? Bankaria atxilotu, diru nahikorik ez duen langileari etxea kentzeagatik? Politikaria atxilotu, legea haien alde, boteretsuen, burgesen alde egiteagatik? Edo hipoteka ordaintzeko diru nahikorik ez duen hori etxetik bota? Nola egin daiteke hori modu hurbil edo 'demokratiko' batean?
«Aspalditik badakigu poliziak pentsatzen duenak ez duela inporta, poliziak robotak edo zakurrak bezala direla, jabearen errana betez, legeak betez legea justua izan edo ez».
Hemen kontua ez da poliziak Bildu bozkatzen duen edo polizia jakin baten pentsamendua zein den. Aspalditik badakigu poliziak pentsatzen duenak ez duela inporta, poliziak robotak edo zakurrak bezala direla, jabearen errana betez, legeak betez legea justua izan edo ez. Eta kapitalismoan bizi garen bitartean (eta hau da garrantzitsuena, gehienoi atzentzen zaigun arren, 'demokrazia' batetan bizi garela saltzen digutelako), bi klase sozial nagusi eta kontrajarrik osatuko dute gizartea: burgesek eta langileok. Burgesak izanen dira boterea dutenak, ekoizpen bitartekoak dituztenak, komunikabideak kontrolatuko dituztenak, parlamentuak beraien politikariez beteko dituztenak, legeak eginen dituztenak, epaileak jarriko dituztenak, baita polizia kontrolatuko dutenak ere.
Kataluniako erreferendumaren harira, bazirudien egun batetik bertzera mossoak txintxoak bilakatu zirela, herriaren eta langileen alde lan eginen zutela... Ordutik 11 lagun bota dituzte beraien etxeetatik, 11 mobilizazio erreprimitu dituzte, Pablo Hasel atxilotu dute Espainiako erregea ustel bat dela errate hutsagatik...
Polizia boteretsuaren zaindaria da. Kapitalismoan bizi garen bitartean, burgesa da boteretsua. Gu babesteko polizia bat nahi badugu, sistema aldatu behar da, bertzela ezinezkoa da.
Sozialismoa eraiki dezagun!