Akaberaren hasiera

Erabiltzailearen aurpegia Eñaut Iparragirre Zinkunegi 2021ko ots. 13a, 09:00

Nik garbi ikusten dut. Oraindik akaberara ailegatzea aunitz kostako baldin bazaigu ere, ailegatu gara akaberaren hasierara. Norbaitek hala pentsatu ahal izan badu, ez naiz birus nazkagarri honetaz ari, ez. Gure bizi baldintzez eta gure bizi mailaz ari naiz: Gure soldatez, lan postu finkoez, ongi bizitzeko segurtasuna izateaz, finean. «Gure» erraten dudanean, langileoz ari naiz.

Orain dela 30 urte gaztea zenak bazuen bizi maila on bat lortzeko esperantza, gaztetatik lan finko bat lortu eta urte batzuetan bere etxea eskuratzekoa, seme-alabak izan eta diru arazorik ez izatekoa... Oparoaldiaz mintzo ziren komunikabideak urte haietan... Baina gaur egun zer? Egun gazteak izan garenon hiztegian krisia, langabezia, langileontzat kontaezinak diren zifretako erreskateak, lantegi itxierak, pobrezia, EREak, orain ERTEak... ageri dira. 

«Birusak sorturiko arazo guztiez gain, arazo ekonomikoak ere gogor kolpatu gaitu azken urtean»

Birusak sorturiko arazo guztiez gain, arazo ekonomikoak ere gogor kolpatu gaitu azken urtean. Garrantzitsua da aipatzea krisi hau ez dela birusaren ondorio. Gizartearen baitako zatiketa ekonomikoa gero eta nabariagoa da: Alde batetik, bankari, enpresari handi eta politikari profesionalak daude, zeinen negozio ekonomikoak lehenetsi diren uneoro; bertze aldean langileria xumea dago, zeinaren pobrezia eta askatasun eza handitzen ari den momentu historiko honetan. 
Zer espero dezakegu gaur eguneko gazteok etorkizunaz? Ba deus onik ez! Europa gainbehera historikoan sarturik dago, eta bertako langileok sufrituko dugu gainbehera hori. Geroz eta langabezia handiagoa, aipaturiko gainbeheraren eta robotizazioaren ondorioz. Soldata geroz eta ttikiagoak. Geroz eta kontrol sozial handiagoa, teknologiaren bidez (segimendu biometrikoa, adibidez). Zuzenbide estatuaren akabera. Karrika gero eta militarizatuagoak (dagoeneko ikusten dugun moduan, polizia gorilak bezala karriketan, kontrolen areagotzea, mugen hesteak...). Politikan parte hartzeko eta antolatzeko debeku etengabea. Ziur aski, baita mugikortasunerako ere. Baina lasai, hau guztia ez da arazoa, arazo bakarra Covid-19a da.

Pello Apezetxeak aitzineko TTIPI-TTAPA bateko orri hauexetan erran zuen gisan, «Legeak eurek sortu, eurek aldatu, eta betearazi edo ez betearazi eurek erabakitzen baitute. (...) Erabaki guztiak agintarien esku daude», burgesen esku. Noren aldeko erabakiak hartuko ditu ba burgesak? Burgesiaren aldekoak, jakina. Denak ez gara berdinak. Burgesak daude, agintariak, eta langileok gaude, zanpatuak. Langileria antolatuak bakarrik alda dezake hau, sozialismoaren aldeko borrokak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun