Baztanen egindako neurketen ondorioz jakin dute % 70ak baino gehiagok euskara badakiela baina erabilera % 40-60 tartean dagoela. Motxean: euskararen erabilera aunitz galdu dela azken urte hauetan.
Zerbait sumatzen genuen, baina ez dut ukatuko sustoa hartu nuela. Badakit neurketetan ez dela gauza bera Aniz eta Elbete edo Elizondo eta Erratzu, baina emaitza bera da: sustoa. Zoritxarrez erabilera ez da bakarrik Baztanen ttikitzen ari, Euskal Herri osoko datuak sustoak ematekoak dira. Egoera zinez kezkagarria da eta buelta ematekotan zerbait egin behar dugula bazter guzietan aditzen ari gara. Afera da ohartzeko eta erantzuteko prest ote garen.
Alarmista naizela pentsatuko duzue batzuek: baduguTtipi- Ttapa, badugu Xorroxin, Udalean gehienak euskaraz funtzionatzen du, eskoletan D eredua da nagusi... Baina horren ifrentzuan datuak daude: Zenbatek aditzen ditu berriak euskaraz? Zenbatek irakurtzen? Ze hizkuntzan ditugu harremanak? Nola solastatzen gara komertzioetan? Nola artatzen gaituzte osasun zentroetan? PAIren ondorioak noiz artio sufrituko ditugu? Zerrenda luzatzen ahal da Belate pasatzen dugularik.
Gure xilkotik kanpo bada mugimendua eta horri begiratu beharko diogu. Berriki Kontseiluak Batuz Aldatu dinamikaren berri eman du, euskararen egoerari buruzko hausnarketa liburuak dira aurtengo udazkeneko uzta, EHEk zapalketa agerian uzten segitzen du, eta bertze zenbait lanean ari dira. Orokorrean diagnostikoek diote mezu baikorrak desagertzen ari direla eta 60ko hamarkadan euskarak izan zuen susperraldia, aldarrikapena eta ezinegona aunitz apaldu direla. Ondorioz,zirt edo zart egiteko momentua dela diote, Iratzarri ala hil da denek proposatzen duten estrategia.
Norberarengandik hasi, kolektiboan mobilizatu eta administrazioa interpelatu. Ezagutza eta erabilera handitzeko tresnak behar dira: ikasteko erraztasunak eta erabiltzeko bideak. Hau da, euskaltegietan edo etxetik ikasteko aukera doakoa izatea eta praktikan paratzeko tresnak: lanpostuetan eta egunerokoan. Euskara ikasi eta euskaraz aritu nahi baina gero espainolez edo frantsesez egitera behartuak bagaude, nekez arnastuko dugu: hezkuntzan, osasun etxeetan eta ospitaleetan,... (osatu zuek zerrenda). Eta bertze zentzuan gauza bera: lanpostu batean ez bada euskara eskakizunik, zertarako ikasiko dut?
Horrekin ez aski, oldarraldi judiziala eta faxista kontra dugu, ez dute plangintza berririk behar, ongi sendotua dago sistema. Gure oldarraldia da martxan paratu behar duguna, zalantzarik gabe.