Kontakizun honen arabera, gaizkile hauek proiektu bat geldiarazi dute ekintzak eginez. Ez dakigu argi fiskalarendako zein diren ekintza horiek, baina bere erranetan, taldea antolatua dago, hierarkia bat du eta kriminalek osatzen dute. Ez dakit zenbaterako fikzioa sortzen ahal duten fiskalek, poliziek, politikariek, salatariek eta gainerakoek, baina argi dago egin, egiten dutela, asmatzen dutela. Aunitzek autoinkulpazio kanpainan erran dugun bezala, guk ere kanpatu genuen eta garbi aski dakigu han zer pasatu zen eta zer ez zen pasatu. Badakigu herriak gelditu zuela obra, badakigu gorputza makinen aitzinean paratuz gelditu zela eta badakigu ere gelditu zena obra dela, ez proiektua. UGEPa martxan den bizkitartean bidea irekia dutela.
Desobedientzia zibila da zigortu nahi dutena, egiazkoa balitz bezala defendatzen duten fikzio horren bidez. Herritarren ekintza zuzen hori egin izan ez balitz, oraintxe irregulartasunez betea den proiektua gauzatua izanen zen, ongi ezagutzen ditugun ondorio guziekin (zerbitzuen gainkarga, ingurugiroa xehatua, ezin jasaneko turismoa, euskararen gainbehera...). Bide guziak agortuak, ez zegoen inposizio hori gelditzeko bertze aukerarik eta kanpaldia egin zen. Herri osoa salatu beharrean zazpi lagun hautatu dituzte Guardia Zibilen eta enpresaren artean, jendea zigortu eta desaktibatzeko helburu argiarekin.
Nire galdera da, irregulartasun horiengatik norbaitek salatu du enpresa? Legez kanpoko proiektuak aurkezten hasi ziren aspaldi. Obrak ilegalki hasi zituzten, baimenik gabe. Nola lortu zuten baimenik gabeko obra baterako poliziaren babesa? Hariztiak bota zituzten, bideak ireki edo kondenatu, errekak tapatu edo desbideratu. Hauek ez dira epaile baten aitzinera eramateko moduko ekintzak? Azken aste hauetan zerrakura eman dute, eremua inguratuz, baina arautegia bete gabe. Norbaitek txosten bat egin du? Norbaitek eraman ditu epailearen aitzinera? Ez al dira hauek ikertu beharreko ekintzak?
Badakigu justizia ez dela zuzena izaten eta hementxe gaude, epaiketa baten atean, kartzela zigorraren arriskuarekin eta bizitza osoko zigor ekonomikoaren mehatxuarekin. Bizkitartean, pelotazo urbanistikoa bizirik. Ez atzendu nekazaritza lurrak birkalifikatu ondotik bihurtu zituztela eraikigarri. 330.000 eurotan erositakoak kasik hamar miloi balio du orain. Jokaldia egina dute, baina ez dute aski.
Zilegitasun guzia dugu absoluzioa aldarrikatzeko eta epaiketa bertze norabidean egitea eskatzeko: kriminalak ez dira zazpi horiek, afera ilegaletan bertze talde bat dabil ezker-eskuin eta lege urraketa horiek dira epaitu beharko liratekeenak.