Egia ez dena sinetsarazi nahian

Erabiltzailearen aurpegia Elurre Iriarte Bañez 2024ko ira. 22a, 10:30

Uztaila hasmentan izan genuen Aroztegiko kanpaldiarengatik 7 baztandarri eman nahi dieten zigorraren berri: hiruna urte kartzela eta 56.000 euroko zigorrak. Hautsak harrotu zituen zigor eskaerak eta elkartasun adierazpenak hasi ziren agertzen, herritarren haserrearekin batean.

Handik hilabete batera Diario de Navarra egunkariaren artikulua publikatu zuen Natxo Gutierrez kazetariak. Aztertzeko moduko artikulua duzue hau: Hiru urteko kartzela zigorra eskatzen dute Aroztegia saboteatzeagatik zazpi susmagarrirentzat.

Hasteko, sarreran informazio objektiboz mozorrotutako esaldiak biltzen ditu. Auto judizialaren lerro nagusien berri ematen du promotore on, amultsu, salbatzaile agertzeko aitzakia gisa erabiliz. Baztanerako onena nahi duen promotorea dela adierazi nahian: aisialdi proiektua, bizitoki-gune, inbertsio konpromisoa, jabetza eskubidea bezalako hitzak erabiliz. Eta guk ederki dakigu 45 hektarea traba handirik gabe birkalifikatu zituztela, balioa 24 aldiz handituz, pelotazo urbanistikoa deitzen duguna. Informazio hori modu interesatuan ematean, promotorea zuritu bertzerik ez du egiten.

Artikuluaren mamian sartuz, fiskalaren zigor eskaeraren dokumentua eskutan duela agerian utzi nahi du kazetariak, salaketaren testua bere horretan kopiatuz. Baina ez nolanahi, zati interesatuak hautatu ditu, gaizkile talde bat itxuratzeko ekintzak banan bana zerrendatuz: seinalizazioa xehatu zuten, dumper makinaren giltzak ebatsi, langileak beldurrarazi, autoen zirrikak zulatu, txapa eta kristalak hondatu, makinak hondatu, langileak mehatxatu eta bertze. Harrigarrienak pegatina batzuekin egindako heriotza mehatxuak dira. Kazetariak, sobera ikertu gabe, aise jakinen luke zein zen fiskalarendako heriotza mehatxua egiten zuen pegatina: gehienek ezagutuko duzue herioren irudia, Baztan eta landa eremuaren heriotza irudikatuz erabili zena. Hori baita Aroztegia bezalako proiektu batek ekarriko lukeen etorkizuna. Hor interpretatu du fiskalak heriotza mehatxua zegoela eta kazetariak berretsi, agertzen diren gezur guzi hori eta bertze guziak egiatako hartuz. Kanpaldian ez zen halakorik egin, egindako gauza bakarra izan zen makinen aitzinean paratu, obra geldiaraziz. Oroitu dezagun: abiatzeko baimenik ere ez zuen obra bat gelditzeko.

Eta akitzeko, eta bere Aroztegiko proiektuaren aldeko kazetaritza lana borobiltzeko, Baztango Udalean onartutako mozioa aipatzen du. Elkartasun adieraztearekin batean Baztango Udaleko Osoko Bilkurak UGEPa bertan behera uztea eta foru intereseko proiektuaren deklarazioa kentzea eskatu zuen. Mozio hori aipatzen du baina bi detailerekin. Batetik alderdi erregionalistaren iritzia azpimarratzen du, bertze inorena ez. Eta bertzetik “mozioak dioen bezala” adiera erabiltzen du, kazetariaren iritziarekin bat egiten ez duelakoz segur aski. Indarra kentzeko berez Kontratu Publikoko Epaitegiak erraten duelarik: Nafarroako Kontratu Publikoko Epaitegiak -mozioak dioen bezala- baliogabetu egin zuen urbanizazio obra horien esleipena, eta, beraz, ez ziren inoiz hasi behar. Fiskalaren auto judizialarekin momentu bakar batean ez du 'omen' hitza erabiltzen.

Argi gelditu da obra hauek ez zirela inoiz hasi behar eta argi geldi dadila ere, zazpi baztandar horiek errugabeak direla. Herri batek gelditu zuen nahi eta behar ez zuen obra, bertze aukerarik izan ez zuelakoz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun