Izanen duzu zer errebisatu

Erabiltzailearen aurpegia Elurre Iriarte Bañez 2024ko mar. 10a, 10:30

Noizbait hitza hartu izanen duzu bertze norbaiten gainetik, behar bada kendu diozu edo ez diozu eman, hartzen ez uzten, normaltasun osoz. Edo gutxietsi izanen duzu bertze baten hitza emakumezkoarena delakoz, gaztearena edo zaharrarena, baina emakumezkoarena.

Akaso irri egin izanen duzu, ideia erridikulua dela erranez eta beraz pertsona (emakumezkoa) mespretxatuz, jende aitzinean agerian utzi nahian. Segur aski batzar batean erabaki bat hartu izanen duzu denen iritzia aditu gabe, hitza hartzeko zailtasuna duena kontutan hartu gabe, bere zailtasuna politikoa dela ikusi gabe.

Noizbait etxeko lana (garbitzea, sukaldean aritzea, erosketak egitea...) zure lana ez dela pentsatu izanen duzu eta ama, emazte edo etxekidearen kontu utzi, erosoagoa eta errazagoa baita ez ikusiarena egitea. Edo lanak banatu izanen dituzu zure alaba eta semeen artean, indarra mutikoari emanez, garbiketa kontua neskatikoari, opariak edo arropak banatu dituzun irizpide berarekin, irizpide hori politikoa dela ohartu gabe.

Noizbait gizonaren emazte, semearen ama edo aitaren alaba gisa definitu izanen duzu emakumezkoren bat, bigarren mailara pasatuz. Norbaiten zerbait dela erraten ari zarela ohartu gabe. Edo akaso ZURE bikotea, ZURE maitale, ZURE emazte dela erran duzu, bere telefonoa, bere egunerokoa eta bere eguna kontrolatuz eta zurea dela sinetsiz, harreman ereduak politikoa direla onartu gabe.

Noizbait emakumezkoen gauzak direla erran izanen duzu, edo gizonezkoenak, eta erran izanen duzu neskak halakoak direla eta mutikoak bertzelakoak (indartsuak/ahulak, inteligenteak/zozoak...). Eta badela emakumeen musika, emakumeen literatura, emakumeen kirola. Eta horiek musika, literatura eta kirolaren barnean kategoria bereiz bat dutela: rapa eta emakumeen rapa, nobelak eta emakumeen nobelak, futbola eta emakumeen futbola, sailkapena politikoa dela erreparatu gabe.

Noizbait emakumezko bati erran izanen diozu sobera mehar dagoela, edo sobera lodi, edo ipurdi handia duela (edo txikia) edo titi txikiak (edo handiak). Eta aholkuak eman izanen dizkiozu mehatzeko edo loditzeko, gorputzaren begirada politikoa dela onartu gabe.

Eta bai, gaur ere martxoaren 8a da, eta denok dugu zer errebisatu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun