Lehendabiziko aldian pereza hitza zentzu horretan entzun nuenean, mutil dantzei buruz ari ginen. Zenbait mugimendu sozialek parte hartu genuen hausnarketa prozesu batean izan zen. Prozesu hartan azaleratu genituen bazterketa, zapalketa, matxismoa, tradizioa eta halako hitzak. Testuinguru horretan entzun eta ohartu nintzen lehendabiziko aldiz hitzaren pisuaz: «Pereza ematen dit mutil dantzaren gaiak». Deigarria egin zitzaidan baina ohartu nintzen nondik ari ziren eta zergatik gogo falta hori.
Berriki berriz piztu zait alarma guraso diren bati baino gehiagori «modan dagoen amatasunaren gaiak pereza ematen dit» aditu diedalarik. Segituan lotu ditut biak eta mutil dantzak batzuei sorrarazten zien harekin oroitu naiz, bien arteko lotura ikusiz.
Zer dute komunean bi pereza hauek? Niretako argi dago: gure hitzak, gure ekintzak, gure harremanak, gure bizimodua azken finean, zalantzan paratzen dituztela. Errebisatu behar zen orduan mutil dantzarekin genuen harremana, irauli eta egokitu behar zen, eta horrek barne lan haundia eskatzen zuen. Orain amatasunaren gaiarekin gauza bera pasatzen ari da: zalantzan paratu dira gure hitzak, gure ekintzak, funtzionatzeko manera, egindako lana edo egin ez dena, bizitzeko modua azken finean, berdin zait ama, aita, izeba, aitatxi edo horietako bakar bat ere ez bagara: gaia sozializatzen delarik, publiko bihurtzen delarik, komunitatearena dela ikusten dugularik eta beraz jarrera aldaketa bat eskatzen digularik, pereza ematen digu. Ez da gaia pereza ematen diguna, egin beharreko lanak baizik.
Normalizatua dugun zerbait zalantzan paratzen dugularik, edo deserosotasunetik lanean hasten gara (eta horrek pereza ematea ez da harritzekoa) edo zapalketa baten aitzinean konplize bihurtzen gara. «Hau pereza ekologia, hau pereza feminismoa, hau pereza herrigintza, hau pereza antolatzea, hau pereza transexualitatea, hau pereza Elizondoko bestetako mutil dantza baztertzailea...».
Hau pereza, ez da hala? Erran nahi, hau lana, ez da hala?