Imajinatu erasotzailea

Erabiltzailearen aurpegia Elurre Iriarte Bañez 2023ko mar. 19a, 10:00

Imajinatu autobus geltoki baten kanpo aldean zaudela, Iruñekoan adibidez, edo Baionako tren geltokian, berdin du. Jende andanaren artean bikote bat ateratzen dela, neska-mutikoak, eskutik hartuak. Imajinatu halako batean ohartzen zarela ez daudela eskutik hartuak, mutikoa dela neska eskumuturretik hartua duena. Neskak alde batera joan nahi du, mutikoak bertzera eta honek tira egiten dio, aginduzko hitzekin. Alarma pizten zaizu eta ez da itzaltzen.

Zeure burua ikusten duzu nola erreakzionatu ez dakizula, zerbait egin nahi duzula baina ez dakizula zer, deus egin gabe ez baituzu gelditu nahi. Imajinatu bat, bi, hiru kontatzen duzula eta hurbiltzen zarela beraiengana eta neskari galdetzen diozula ea laguntzarik behar ote duen. Egun osoan zurekin izanen duzun begiradarekin erantzuten dizula, ezetza edo baietza erran gabe. Erreza da imajinatzea eztabaida duzula eskumuturretik hartua duen mutikoarekin eta berarekin ez zarela ari erraten badiozu ere, oldartzen zaizula eta handik lekutzen direla. Odola borborka duzula eta bikotea zeure begi bistatik desagertzen dela ikusten duzula.

Imajinatu, gehiago ikusten ez badituzu ere, neskaren begirada zeure burutik ezin kenduz zaudela eta ondotik pasatuko zaionaren irudiak hasten zaizkizula buruan: akaso neskak aski da! erranen dio eta harreman toxikoarekin akituko du, bakoitzak bere bidea eginez. Zoritxarrez imajinazioak bertze bide bat hartuko du, afera ikusita sinesgarriagoa da, eta irudikatu nahi ez dituzun egoerak bata bertzearen ondotik agertuko zaizkizu buruan. Imajinazioak eraso batean akituko duela pentsatzerat eramaten zaitu. Arratsean, etxeko goxotasunera sartzen zarelarik, neskaren begiradarekin segituko duzu eta momentu horretan zertan egonen den pentsatzen hasten zara, eta zaila aizu imajinatzea bera ere etxeko goxotasunean.

Akaso biharamunean prentsan eraso baten berri leituko duzu, kasik egunero bezala, eta berriz ere begirada lako zaizu burura. Nahiko egin ez izanaren sentsazioarekin hasiko duzu eguna, gauez pentsamendu horiek loa usteldu ez badizute behinik behin, eta ez duzu luzez burutik kenduko.

Eta egun osoan galderak izanen dituzu buruan, bata bertzearen ondotik: zer gehiago egiten ahalko genuke egoera hauetan? Geltokiaren kanpoan direnen artean erasotzailearen kontra elkartu? Nola egin beharko genuke halako (eta bertzelako) erasoak salatzera ailegatu behar ez izateko? Erran nahi baita, zer egin beharko genuke gizonak erasotzera ez ailegatzeko? Nola egin beharko genuke begirada horiek berriz ikusi behar ez izateko? Eta erantzun gutti.

Begiradak autodefentsa feminista beharrezkoa dela gogoratuko dizu segur aski. Gizonezkoaren oldarraren kontra zer behar den, oraindik ez dugu hain argi.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun