Zuri, herriz herri eroso ibilki zarena, nahi duzun moduan, baina beti bertzeen gainetik: hau bulkatuz, bertze haren ipurdia ukituz, ondoko herriko hori joz.
Zuri, nahi bezala ibiltzean, bertzeak trankil ibiltzen uzten ez dituzun horri.
Zuri erraten dizut, bestetan zure botere posiziotik ari zaren horri, denak berdinak garela erran, baina egiazki gehiago zarela uste duzun horri. Gehiago izate hori justuki emakumeekin sentitzen duzunari. «Denak berdinak izanen gara, baina ezin gara berdintasunean bizi» sinesten duzun horri.
Akaso bortxaketa bat dagoelarik pankartaren inguruan ibiliko zara, baina bezperan edo biharamunean zure ondoan dagoen neskari, titiei edo ipurdiari buruzko komentarioa eginen diozu.
Akaso Martxoaren 8ko manifestazioan izan zara, baina ondoko asteburuan zure lagunekin txisteak eginen dituzu etxeko lanei buruz, harreman toxikoei buruz edo emakumeen kontura irri egiteko edozein gairi buruz.
Akaso eskolan edo lantokian landuko duzu gizon eta emakumeen arteko berdintasuna, baina gero xiringa batekin ibiliko zara nor ziztatu, droga gorputzean sartzeko, drogatua dagoen gorputz batean bortxa erabiltzeko.
Beharbada erasoen kontrako pegatina bat eramanen duzu bestetan, baina mutil dantza baztertzailea babestuko duzu, akaso dantzatu ere bai. Posible da mutil dantzak ongi ikasi izana, baina «ez dut dantzatzeko gogorik» sinestarazi izana zeure buruari, plazan emakumeekin dantzatu behar ez izateko. Edo bertzerik gabe, mutil dantzak diren momentuan plazatik desagertuko zara. Edo beharbada ez ikastea erabakiko duzu, horrela, ez duzu zeure burua estutua sentitzeko aukerarik izanen.
Zuri erran nahi dizut, herriko bestak zentzu horretan hartzen dituzun horri: gizarteak aitzina segitzen du, lanean ari gara horretarako. Zure jarrera horrek, aitzineko horietako edozein izanda ere, ez gaitu geldituko. Traba eginen digu, bai, ez dut ukatuko, baina ez gaitu geldiaraziko.
Zuri erran nahi dizut bestak denendako direla erraten dugularik, hori dela: denendako. Beraz, zure jarrera horietakoren bat baldin bada, sobran da.