Oroitzen naiz Osasunbideko langileekin elkartasuna erakusten genuela, osasun sistemaren larritasunak behartuko zituela agintariak, behingoz, duela urte batzuk egindako murrizketak desagerraraztera, behar bezalako osasun arreta finkatzeko.
Oroitzen naiz zaintza sareak sortu genituela, eta hala, zaintza erdigunean modu arras praktikoan paratu genuela, egoera pandemikoaren gainetik jendea zegoela ikusaraziz. Zahar etxeekin oroitzen naiz aunitz, nola langileak, beren ahalmenaren gainetik, pandemiaren kontra aritu ziren jo eta su. Egoera bertsuan segitzen dute.
Eta orduz geroztik, kasik bi urte pasatu dira eta gaurko solasek bertze bide bat hartu dute: musukoa bai edo ez, txertoa bai edo ez, pasea bai edo ez… eta halako bai eta ez aunitzekin gabiltza, denak haserre, eta bakoitza bere erabakiak justifikatzeko pandemia modu batez edo bertzez interpretatzen. Denek bat egiten dugu egoera batean: aspertuak egotean hain zuzen. Aspertuak, haserre, baina hasmenta hartan munduak eman zigun abisuari kasurik ez. Eztabaidatu beharko dugu pandemiaren kudeaketari buruz, doike, baina ez dezala solasa monopolizatu.
Eta kontu horrekin burua nekatzen ari naizela, oroitu naiz lurraren kontra ari direnak egiazki enpresak direla. Sobera urrundu gabe, hor dugu Magna, Erdizen berriz sartu nahian. Hor da Arozteguia SL lurra eta bizitzaren defentsan ari direnak epaitegietara eramanez, zigor ekonomiko handiarekin (eta akaso kartzela) arrazoia lortu nahian. Eta hor dugu Canteras Acha, bizitoki eta nekazalgorako diren lurretan harrobi bat egiteko intentzioa erakutsiz. Hirurak ere zaintzarekin eta etorkizun jasangarriarekin deus ikustekorik ez duten proiektuak, lekuz kanpokoak direnak, ekonomia eta negozioa, bizitza eta jendearen gainetik paratu nahi dutenak.
Ohartu naiz ari direla, baina gu ere ari garela. Jendea bere xilkoari begira dagoela beldur naizelarik, hortxe agertzen da jendea erantzunez, espero ez duzun tokitik, lurra, bizitza eta kultura defendatzera. Eta ohartu naiz, zorionez, badagoela aitzinerat begiratzearekin batera ezker, eskuin eta bere inguru guzira begira dagoen jendea. Itsua izan nahi ez duena, ziztu bizian joan beharrean, (inor gibelean utzi gabe) abiadura egokian joan nahi duena. Poliki baina gelditu gabe.