Gernikako arbola

Erabiltzailearen aurpegia Elurre Iriarte Bañez 2021ko abu. 15a, 09:00

Pasatuko zela uste nuen, baina ez. Hor gabiltza, Gernikako Arbola kanta gure herriarendako ereserki izateko proposamenarekin: lehenik musikariak izan ziren, gero ezker abertzaleko kideak eta azkenak idazleak. Tartean aunitz maite dudan jendea dago, eredutako ditudanak, erraten dituztenak kontutan hartzen ditudanak. Baina honetakoan ezin dut beraiekin bat egin. 

Ereserki baten beharra ikusten dut nik ere, batasunean lagunduko duena eta gure iruditeria eta identitatea osatuko duena. Ez dakit iraganekoren bat berridazten edo berriak sortzen, baina izan dugu, badugu eta izanen dugu sinbologiaren beharra, herri zapaldu gisa aise gehiago. 

Horretarako, bere letran bederatzi aldiz kristautasunarekin erlazioa duen hitzen bat agertzen duen kanta, ez zait egokia iruditzen: bedeinkatua, adoratzea, santua, jaungoikoa... Ez dakit zehazki proposamena kanta osoa kantatzea edo estrofaren bat ote den, baina edozein izanda ere, guti salbatzen dira. Hasteko, laugarren paragrafoan, errezatzea eskatzen du, eta denek ezaguna dugun lehendabizikoan 'bedeinkatua', 'adoratzen' eta 'santua' ageri dira.

Hori nahikoa iruditzen zait gaur egun, XXI. mendean, hautatu behar den ereserkia Gernikako Arbola ez izateko. Kontutan hartu eta ezagutu behar dugu iraganeko testuingurua gure kulturaren parte diren kanta hauek ulertzeko, ados. Baina horrek ez du erran nahi gaur egun bere horretan gureganatu ahal dugunik, gaur egungoa balitz bezala. Bere momentuan identitatearen parte izateak ez du erran nahi gaur hala denik.

«Zerbait sinbolikoa izateagatik ere, jartzen ari den indar hori bertze norabide batean paratuko nuke nik»

Badakit batzuk argumentuengatik sinatu dituztela idatziak; eta badakit bertze batzuendako momentu honetan maite zaitut ere izatea berdin zaiela, indarra ez dutela ereserkian gastatu nahi. Baina, zerbait sinbolikoa izateagatik ere, jartzen ari den indar hori bertze norabide batean paratuko nuke nik. 

Erraza da aritzen denari kritikatzea gure xokotik, badakit. Niretik proposamen bat botako dut airean. Historian adierazpen identitarioak sortu dituztenak gizonezkoak izan dira beti, arrazoi desberdinengatik. Beraz, hasteko, emakumezko baten hitzak izan beharko lirateke. Kantagintzan gaur ongi egokituko den kanta bat bilatzen ahal dugu edo Euskal Herrian ditugun sortzaileen artean (aunitz eta arras onak) proposamenak eskatu. Eta behar bada bertze zerbait bulkatzeko momentua da: herria inplikatu, diziplina desberdinak erabili... Zergatik ez ereserkia dantza batekin asmatu?

Akaso sobera urrun joan naiz. Baina momentua ere izaten ahal da modernitatea erakutsi eta desberdintasuna adierazteko; zerbait sinbolikoa bada ere, integratzailea dena, denak identifikatuak sentitzeko ereserki bat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun