Hasteko, hiztegian egon bai, baina batere ezagutzen ez dugun hitz bat dago: adinkeria. Adinean oinarrituz ematen den diskriminazioari erraten zaio, zaharren kontra izaten diren diskriminazio ekintzak deskribatzeko: infantilizatzea, ikusezin bihurtzea, beren buruaren jabe ez direla pentsatzea, erabakitzeko ahalmena ukatzea, tratu txarrak, estereotipoak...
Bazterrean uzten dugun adin tarteaz ari gara. Gainerako adin tarteak (haur, gazte, heldu) produkziorako etorkizuna edo oraina dira. Zaharrek produzitzen ez dutenez, kapitalismoak hala agindua, gure agendetatik kanpo, gure egunerokoetatik urrun, gure aldarrikapenetatik bazter uzten ditugu.
«Oraitik pentsatu beharko genuke nolako zahartzaroa izatea nahiko genukeen. Oraitik hasi, geroko duintasuna bermatzeko».
Eta akitzeko, zahar-etxean bizitzearen aukera azken aukera gisa ikusten dugu. Ez du glamourrik. «Zaharrekin bizitzen» imajinatzen dugu geure burua, gu betirako adin berean geldituko bagina bezala. Orain akaso ezagutzen ari gara pixka bat, Elizondoko zahar-etxeko langileek beren aldarrikapenak mutur aitzinean paratu dizkigutelarik. Langileak ari dira beren lan baldintzak duinak izatearen alde, beraiek ere zaintza duina ziurtatu ahal izateko. Baliorik ematen ez zaionari balioa ematen. Aldarrikapen horiekin bat egiteko inork ez du zalantzarik izanen, enpresa bera ez bada behinik-behin. Langileek, egoiliarrek, hauen senideek... Herriaren partea direla ohartzetik hasi, etorkizuneko gure etxea izatea onartzeraino.
Eta hemen nire galderak: nolako zahartzaroa nahi dugu? Non pasatuko dugu? Zahar-etxean bai edo ez? Hala bada, nolakoa nahi dugu? Pribatua? Publikoa? ...
Zahar-etxearen kontzeptua aldatzea oraitik tokatzen zaigu, berritzea. Oraitik pentsatu beharko genuke nolakoa izatea nahiko genukeen, nolako zahar-etxean ikusten dugun geure burua, nolakoa zahartzaroa. Oraitik hasi, geroko duintasuna bermatzeko.