Ez dugu esperantzaren beharrik

Erabiltzailearen aurpegia Elurre Iriarte Bañez 2020ko eka. 28a, 12:31

Etxealdia edo konfinamenduak iraun duen udaberri osoan pisu guzietako haserreak izan ditugu, eta ez genuen arrazoirik falta: langileak, zaintzak, ikasleak, telelanak, baldintzak, janaria, urruntzeak, debekuak, arauak, mugak... Momentu batean pentsatu genuen gauzak hobera aldatzeko balioko zuela egoerak, esperantza bagenuen, edo. Eta agian bai, agian gauza batzuk aldatuko dira, baina segur aski ez pentsatua genuen bezainbertze, edo nahiko genuen bezain fite.

Akaso hurbilean gehiagotan erosten hasiko gara, agian ez dugu kapritxoz bidaiatuko, beharbada zaintza lanak bertze modu batez ikusiko ditugu. Baina segur aski gutti mugituko dira handien esku diren horiek: ERTEak akitu eta izanen ez ditugun bestetako suziriak bezain fite iganen da langabezia; lan prekarioa halatsu mantenduko da, edo prekarietatea ere galduko du lanbidearekin zaintzaileak. Hezkuntza sistemak bere horretan segituko du, merkatuaren menpe orain, ikasle, irakasle eta gurasoen datuak Googlek ongi bilduak etxealdian. Batzuk errateagatik.

Eta hala ere esperantza dugu, eta esperantzarekin biltzen omen dugu animoa. Baina kontuan hartzen badugu esperantza Pandoraren kutxan gelditu zen azken gaitza dela, atera gabe gelditu zen gaitza, ez dakit ez ote dugun baliatzetik utzi behar. Edo zertarako erabili pentsatu. Ez ote dugun sobera arin aipatzen, sobera sinesten eta egin beharreko aldaketak horren menpe uzten. Badakigu ez dela esperoan egotea edo esperatzea gauzak lortzeko bidea.

Aldaketak eman eta ez emate horretan, politika eta naziogintzan ez dakit ongi ezker, eskuin, goiti edo beheiti egiten ari garen. Inoiz baino gehiago egon gara Espainia eta Frantziara begira, normalki onartzen ez ditugun agintariek zer erraten duten erne. Agian presidenteak ez, baina osasun ministroak bai? Independentzia sena bigarren mailara pasatu da kezka hil ala bizikoa zelakoz. Euskararena berarekin batean.

«Guk egiten ahal ditugun aldaketak egin ditzagun, eta zuzenean gure esku ez diren horiek karrikak okupatuz aldarrikatu,  hartu eta lortu»

Gure eskualde honetan preseski, konfinamenduak inposatutako mugak lehendabiziko egunetik ezarri zituen, aspaldiko barrera herdoilduak plastikoengatik ordezkatuak, polizi mingots haien ordezkari militarrekin. Gaurgero sinetsia genuen pixka bat Europan ginela, edo? Baina ez, baigorriarrak Erratzurat joateko Dantxarinean barna pasatu behar izan du, edo beratarrak Zugarramurdira joateko alimaleko itzulia egin. Konfinamenduan izan ez garen bezala, deskonfinamenduko faseetan momentu bakar batean ez gara Europan izan. Keinu bat izan zen Izpegin maiatzaren akitzean, mugarik gabeko egonaldi batekin gozatuz harat hurbildutako guziena. Muga deitzen duten hori elkartze lekua dela ongi azpimarratuz.  

Agian esperantza Pandoraren kutxan utzi eta egin dezakeguna egiten hastea dugu hoberena. Edo egiten segitzea, bakoitza etxealdia hasi aitzin zegoen tokitik. Hau da, guk egiten ahal ditugun aldaketak egin, eta zuzenean gure esku ez diren horiek karrikak okupatuz aldarrikatu, hartu eta lortu. Ez dugu esperantzaren beharrik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun