Abenduaren 3aren inguruan aditu, solastatu eta leitu dudanaren artean argi dut zein den egin beharrekoa: euskararen eguna aldarrikapen eguna bilakatu eta ez ospatze egunarekin konformatu. Zapalketak ez dira ospatzen eta guk ez dugu deus ospatzekorik. Zoritxarrez.
Bertze edozein zapalketarekin funtzionatzen dugun gisan aritu beharko genuke: emakumeen egunean ez dugu ospatzen, aldarrikatzen dugu; langileen egunean edo harrotasunaren egunean egiten den bezala. Akaso horixe da arazoa, zapalketa ez dugula ikusten. Normalizatua dugu eta iruditzen zaigu gazteleraz solastatzera behartzen gaituzten guzietan bertzearen eskubideak errespetatzen ditugula. Horixe da zapaldua izatearen sintoma bat: gu gaizki ari garela sinestea, normala dela gazteleraz egin behar hori ulertzen ez gaituenen artean.
«Euskararen alde egotearekin ez da aski, izan eta aritu behar dugu»
Eta normalizaziorat ailegatu bagara, zapalketa hori identifikatzen ez dugulakoz izanen da segur aski. Egin dezagun bertze zapalketa batzuekin bezala beraz. Hasteko identifikatu dezagun hizkuntza zapalketa. Elebitasunean bizi garela sinestarazi digute, baina diglosian bizi gara. Hau da, espainola eta frantsesak aise presentzia eta prestigio handiagoa dute euskarak baino. Horrek eramaten gaitu eremu eta inguru aunitzetan gure hizkuntzan aritzeko zailtasunak eta maiz ezintasunak izaterat (medikuak, administrazioa, kultura adierazpenak, formakuntza…) eta horrekin batean sinestera euskarak ez duela balio gauza guzi horietarako. «Denek erdaraz baldin badakigu, zertarako euskaraz aritu?».
Euskara identitatearen ardatz inportanteenetako bat da eta erabili ezin dugun bakoitzean gure identitatea eta mundua ulertzeko manera guttiesten dugu, altxatzen dugu, desagerrarazten dugu. Hori nahikoa beharko luke izan gure aldarrikapenak mahai gainean paratzeko: euskaraz bizi nahi dut. Edo agian pausu bat gehiago: euskaraz bizi naiz. Hizkuntzari eta beraz identitateari balioa emanez.
Eta hortxe proposamena aurtengo euskararen egunerako: modu aktiboan aritzeko indarra hartzeko aldarrikapen eguna bihurtu. Ez da aski egotearekin, izan eta aritu behar dugu euskararen alde. Eta solastatze hutsarekin erdia baino gehiago egina dugu. Has gaitezen bada.