Feminista, faxista… dentista

Feminismoa guttiestearen enpeinuan bada batzuetan aditu izan dudan esaldi bat, harritu egin nauena. Ezjakintasuna erakusteaz gain, serio erraten denez, egia dela ematen duena: «-ista akitzen diren hitz guziak berdinak dira, muturrekoak eta inposatzaileak: faxista, feminista, matxista, arrazista… Zaku berean sartuz edozein ideia.

Izan zitekeen naturalista,  independentista, sozialista… Baina ez, faxista hitzarekin egiten da konparaketa hori, edo matxistarekin ere bai. Halako baieztapen batek zalantzan paratzen duena da feminista den guzia: horiek dira gaixtoak, zapaltzaileak… Eta baieztapen horrek horixe du helburu: feminismoa guttiestea, feminismoaren kontra egitea, feminismoa mahai gainean paratzen dugun bakoitzean.
Harira: -ista akabaila ez da euskarazkoa, greko-latinoa da. Baina euskaraz ere erabiltzen ditugu hitz horiek. Kasu hauetan ideia batzuk segitzen dituen pertsona erran nahi du akabaila horrek. Beraz, faxista eta feminista hitzek komunean duten gauza bakarra -ista hori da. Batak faxismoari segitzen dio, hau da, eskuin muturrari, boterea mantendu nahi duena gainerako mugimenduak nolanahi desmobilizatuz. Bertzeak, berriz, feminismoari segitzen dio, hau da, sexuen arteko berdintasun politiko, ekonomiko, pertsonal eta soziala lortu nahi duen mugimenduari. Biak ere motx-motxean.

«Feminista hitza guttietsi beharrean aldarrikatzen hasteko ordua da»

Horrekin batean bertze konparaketa bat matxista eta feminista izaten da. Feminismoa matxismoaren kontrakoa dela erraten duena. Gaurgero ikasi ez duenarendako, henbrismoa litzateke matxismoaren kontrakoa, eta ez feminismoa. Matxismoa gizonaren nagusikeria adierazten duten jarreren multzoa bada,  henbrismoa horixe litzateke: emakumeen nagusikeria adierazten duten jarreren multzoa. Ez feminismoa.
Beraz, noizbait halako baieztapen bat egin aitzin, feminismoaren gaia mahai gainean paratu eta halakoa bota baino lehen, hasi konparaketak egiten: zer egiten du faxismoak? zer matxismoak? zer feminismoak?...
Eta bada ere, «ni ez naiz feminista, ni berdinzalea naiz» erraten duena. Zerbait desberdina balitz bezala, feminismoa guttiesteko intentzio berdinarekin. Gizon eta emakumezkoak berdintasun ekonomiko, sozial, politiko eta pertsonala maila berera ailegatzen garen momentuan hasiko gara nahi baduzue berdinista hitza erabiltzen. Momentuz, feminismoa deitu beharko duzue.
Bada ordua hitza guttietsi beharrean aldarrikatzen eta erabiltzen hasteko. Badugu lan parrasta.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun