Izeberga II: txisteak eta piropoak

Erabiltzailearen aurpegia Elurre Iriarte Bañez 2018ko eka. 16a, 11:50

Sexismoaren izebergaren azpiko aldean segituko dut solasean, hau da, hain agerian ez den sexismoari buruz. Hausnarketarako baliogarria eta beharrezkoa zaidalakoz eta irakurlearendako ere hala izatea espero dudalakoz.
Hain agerian ez den sexismoaren aldean txiste sexistak daude, bertze gauza aunitzekin batean. Txiste bat bertzerik ez da erranda trankil uzten gaituzten horiek. Baina umorea ez da inozentea eta txiste hauekin irri egitea ere ez.

Txisteak, izebergaren altxapean den bertze edozein jarrera sexistek bezala, eragina du guregan. Txiste sexistek emaztekien kontrako biolentziaren onarpenean laguntzen dute eta zapalketa egoera bat normalizatzen dute, edo horretan lagundu guttienez.
Definizioz, txisteak esaldi edo istorio irrigarriak dira. Gakoa dago irri eginarazten digun horretan. Txisteekin ideologia edo pentsamendu bat garatzen da, zeri buruz edo nori buruz irri egiten ahal dugun baimena ematen digun ideologia. Eta horren arabera, ideologia eta pentsamendu zapaltzailea garatuko dugu, irriaren helburuaren arabera: kanpotarrak, homosexualak, ezintasunen bat dutenak… eta dudarik gabe emaztekiak.
Kultura bat garatzen dugu hola, eta normalizatzen dugu kasu honetan emaztekiei buruz nahi duguna errateko ahalmena: gorputzaz irri egin, etxeko lanei buruz, zaintzari buruz, eta urrunxeago joanez, erasoei buruz, bortxaketei buruz, hilketei buruz. Irriaren bidez zapaltzaile bihurtzen dugu gure burua.
Gorputzaren kasuari piropoa gehitzen ahal diogu, iritzia eskatu gabe gure gorputzari buruz, gure ibilerari buruz, gure arropari buruz zerbait erraten digutenean. Esaldi, ustezko sinpatikoak eta ustez eskertu beharko genituzkeenak, erakusten ari direna da gizonen gustukoak izan behar dugula, eta beren onespena behar dugula. Hau da, piropoa zerbait ona dela sinestarazten digute, piropoa hartzen dugun bakoitzean, onartuak garela (beztimentan, gorputzean, ibileran…) erakutsi nahi digute. Hemen ere normalizatzen eta onartzen dugu gizonezko batek gure gorputzari buruzko iritzia noiznahi eta nolanahi ematea.
Ez da irrigarria emazteki batek etxeko lan guziak egitea, ez da irrigarria haurren zaintzaz bera bakarrik arduratzea, ez da irrigarria kolpatua izatea, bortxatua izatea, eraila izatea, umiliatua eta guttietsia.
Eta bai, maite dut irri egitea eta maite ditut txisteak, badut umorea. Baina ez zapalduen kontura.
Brigitte Vasallo idazleak dioen bezala, umorea beti barnerat eta goiti egin behar da, bertzenaz opresioa da: irri egin dezagun gure buruaz, irri egin dezagun zapaltzen gaituzten horietaz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun