Sexismoaren izebergaren azpiko aldean konparazione, musika dugu. Maiz musika aditzen dugularik ez gara ohartzen letrak zer erraten duen. Ez gara ohartzen gainera dantzatu eta kantatzen dugun hori buruan gelditzen zaigula eta gero normala bilakatzen dela: musukatu beharko zintudan, gero biluztu, gero jo eta gero bortxatu. Bai, leitu duzuen bezala kantatua.
Batetik, arruntak egiten zaizkigu hain hedatua dagoen maitasun erromantikoa indartzen edo bulkatzen duten kantak. Joan zarenetik burua galtzen hasi naiz, Zu gabe zertarako bizi? Halakoak buruan barneratzen ditugu, eta maitasuna holakoa izan behar duela sinesten dugu, norbait maite dugula adierazteko hitz horiek erabiltzeraino. Maitasun erromantiko horrek dependentzia eta mendekuan oinarritua dago eta horren ondorioz bikotearen kontrola eta esklusibidadea gauzatzen da.
Bertzetik, emakumeak gauza gisa erakusten duten kantak daude. Euskal kantagintza ez da libratzen. Arrakasta handiko talde batek “nere andrea… erositako prezioetan pozikan salduko nuke” kantatzen du plazetan, edo geronek mahai bueltan.
Musikarekin sortu dugun irudian regeton dugu matxismoaren gailurra. Aunitzen ustez kanpotik etortzen zaigu matxismoa musikan, bertze kultura batzuetatik. Bertze kulturak beti zapaltzaileagoak direla uste dugu, eta beraz beren musika ere bai. Baina erne: musika industria bera da matxista, eta ez estilo zehatz bat. Edozein estiloak musika erabiltzen ahal du sexismoa indartzeko edo erabiltzen ahal du kontrako irudiak garatzeko. Azken hauek dira hautatu beharko genituzkeenak gure belarrietarako, hauek bezalako mezuak: ez naiz ez zurea ezta inorena ere. Hori ere regeton kantari batek dio.