Dir-dir berezi bat zuen begietan, eta irribarre handi batez erantzun nion: «Ez da egia izanen!». Borobilean jarrita zeuden bertze laurek baietz erantzun zuten aho batez, ikusi nahi izatekotan, logelako armairuan itsatsita duela posterra oraindik. Ume haien pozez kutsatuta gelditu nintzen jostetara joateko altxa zirenean. Gogora etorri zitzaidan nola gu ere horretan aritzen ginen bertso eskolan, liluragarriak eta apartekoak iruditzen zitzaizkigunak kopiatu nahian. Jakina da erreferenteak garrantzitsuak izaten direla, haiei begira egiten dutelako bidea gibeletik datozenek. Eta, haien hurbilekoak izan daitezen ahalegintzen bagara, biderkatu egiten dira amesteko aukerak.