Hasten dira bestak: kuadrillak, musika, irriak, negarrak eta alkohola. Gertatzen dira erasoak (eta salatzen dira batzuk). Eskapatzen dira zakurrak negarrez, edo ospatzen dugu eta erakusten diegu bertze guztiei zein pozik gauden. Hori eta aunitzez gehiago kabitzen da txis pum batean.
Uztailean zehar jabetu naiz zenbat erran dezakeen suziri batek. Txis pum batek. Izan ere, zer hausnartua izan nuen karrikan ume batek bertze bati errandakoa zeharka aditu nuenean. «Gaur jokatzen dugu» zioen, eta Espainiako selekzioa Alemaniakoaren aurka aritzekoa zen. Ziur ume hura aski kontent jarri izanen zela uztailaren 14an Espainiak Eurokopa irabazi eta Lesakan bertan ospakizun suziriak aditu zituenean. Niri, aldiz, kontrako eztarritik joan zitzaidan listua.
Egun berean suziriak bota zituzten Baionan, ospatzeko egun hartan erregetza irauli zutela, errepublikarekin dena moldatu zutelakoan… Beti heldu da ongi birpentsatzea zer den ospatzen duguna eta zergatik egiten dugun. Bertzela, akaso suziria gure kontra lehertuko da egunen batean. Txis pum.