Gaur bertan ikusi dut nola oinez mugako zubia pasatzeko asmoz zebilen gazte bat kotxean sarrarazi duten jendarmeek eta guardia zibilek, pasoa ukatuz eta bidea itxiz. Erran beharrik ez dago zein koloretakoa zuen azala, ezta?
Sutan sentitu dut barrena. Kotxea zubi erdian gelditu eta oihuka hasteko grina batek tripa hartu balit bezala. Baina ez dut egin; ez naiz ausartu. Martxa murriztu eta aitzinera segitu dut mugako kontrola gibelean uzten nuen bitartean.
Burura etorri zait duela aste batzuetako titular hura: «Irun eta Hendaia arteko Avenida zubia ireki dute». Eta irakurtzen ez zena: «Berdin-berdin segituko du itxita bizitzeko eskubidea bera ukatzen zaien etorkin horientzat».
Sinplea da kontua: giza eskubideez ari gara. Erraza behar luke aldatzeak. Saiatuko gara? Itxi begiak: bat, bi eta hiru… ea, ireki.