Minaren arrastoa

Erabiltzailearen aurpegia Ekhiñe Zapiain Arlegi 2023ko api. 15a, 09:30

Lanean nintzen mezu hura ailegatu zenean. Nahiko argia zen azken ordukoa: «Sakabanaketari amaiera emanen dioten azken bortz euskal herriratzeak iragarri ditu Madrilek: amaitu da 1989. urtean euskal presoen aurka abiatu zen urruntze eta sakabanaketa politika, 34 urteren ondotik».

Neure buruari galdetu nion ea zer jakinen zuen 20 urteko neska batek ia bere bizitzaren bikoitza iraun duen fenomeno horri buruz. Baina, nahi baino gehiago nekien, akaso. Eta heriotzaren aitzinean dagoenak egin ohi duen bizitza-errepaso azkar horren gisara etorri zitzaizkidan irudiak: NANaren kopia, asteburuak, Lopidana, Mirentxin, «eroso zoaz?», Venta Baños, lokutorio bat, kristala, 40 minutu, «goraintziak denei», disimuluan bi malko, paketea, kamioiak, zortzi ordu eta erdi berriz, 1.628 km eta ahantzi aitzinetik idatzi beharreko mezua: «oraintxe ailegatu gara, ongi dago». Bukatu omen da hori guztia. Baina, uste dut oroitu beharrean gaudela dispertsioa bukatu baino gehiago, dispertsioak akabatu duela, nekez ezabatuko baita errepideetatik urteotako minaren arrastoa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun