Jarraian, azken hilabeteetako datuak: lau pertsona hil dira Bidasoan itota, bertze batek bere buruaz bertze egin du Irunen, eta hiru lagun hil dira Ziburun trenak harrapatuta. Guztiak gure etxeetatik kilometro gutxira.
Ia egunero ikusten ditut migranteak Berara ailegatzen, motxila bana gainean, oinez inposatu diguten muga gurutzatu asmotan. Nire adin ingurukoak iruditzen zaizkit gehienak, baita gazteagoak ere. Automatikoki egiten dut halako ahalegin bat irudikatzeko gainean dituzten motxila horiek zenbaterainoko pisua izanen duten, eta ez barrenean dutenagatik bereziki.
Orduan ohartzen naiz gure errealitate politikoa dela titularretan jartzen zuena, eta bete-betean zeharkatzen gaituela migrazioaren auziak. Desberdina baita zerbait leitzea edo zure begien parean ikustea. Ikusi nahi ez duenak ez du ikusiko, noski. Baina horrek ez du erran nahi gertatzen ari ez denik. Bakoitzak erabakiko du pertsona moduan nola kokatu gai honetan, baina guk herri hau harrera herri bihurtzen segituko dugu.