Desesperantzaren aurka

Erabiltzailearen aurpegia Ekhi Txokarro Ezkurra

Zuri idazten dizut, gazte. Zuri, agian duela gutti Euskal Herriko panorama soziopolitikoa erreparatzen hasi zaren horri; zuri, agian oraindik antolatua ez zauden horri; edo zuri, gure herriaren alde urteak militatzen daramazun horri. «Ez dago deus ere egiterik» diskurtsoa jada irensten ez duzuenoi.

Badira garaiak non zaila egiten zaigun etorkizuna irudikatzea. Ingurura begiratu eta ezinegona, haserrea eta nekea aurkitzen ditugu. Etxebizitza ordaintzea gero eta zailagoa da, jarrera erreakzionario eta faxistak ikustea ohiko bilakatu da, diskurtso antifeministak espazioak irabazten ari dira, lana ez da bizitza duina bermatzeko bidea… Eta horri guztiari gehitzen zaio ideia bat behin eta berriz errepikatzen digutena: gauzak horrela dira, beti izan dira horrela eta ezin ditugu aldatu.

Desesperantzaren zabalpena politika egiteko modu bat da, mobilizatzearen aurka dagoena. Ez dagoela alternatibarik erraten digutenean, ez digute soilik ideia bat saltzen. Gure irudimena mugatzen ari dira. Aldaketa posible ez dela sinesta-razten digutenean, borrokatzeko beharra bera kentzen digute.

Norbaitek erran zuen behin aldaketa ez dela inoiz bakarrik datorren zerbait. Eta hala da. Historiari begiratzea bertzerik ez dugu. Gaur egun normaltzat hartzen ditugun eskubide zein lorpen aunitz garai batean ezinezkoak ziruditen. Langileen eskubideak, emakumeen* eskubideak, euskararen aldeko borrokak, landa eremuko aldarrikapenak, pentsio duinen aldeko mobilizazioak, borroka transmaribibolloa, gazte independiston antolakuntza... Ez dira zerutik erori. Ez dira norbaitek opari eman dizkigunak. Norbaitek borrokatu zuen haien alde. Norbaitek denbora eskaini zuen. Norbait bilera batera joan zen, antolatu zen eta antolatu zituen berak bertze batzuk ere. Norbaitek kartel bat paratu zuen. Norbaitek greba egin zuen. Norbaitek kalea hartu zuen, bertze aunitzekin batera.

Eta hor dago kolektiboaren oinarria.

Izan ere, bakarrik gaudenean ia denak ezinezkoa dirudi. Ez dugula aski egin. Ez garela gai. Ez dugula baliabiderik. Baina elkartzen garenean, gure arazo pertsonalek dimentsio kolektiboa hartzen dute. Eta orduan konturatzen gara ez gaudela bakarrik. Bertze aunitz ere etxebizitza ordaindu ezinik daudela. Bertze aunitz daudela ni bezala lan prekarietatea sufritzen. Aunitz direla etorkizunaren beldur garenak. Jende aunitz dagoela haserre eta ez ados.

Ez gaitzatela konbentzitu dena galduta dagoela. Ez gaitzatela konbentzitu ez duela merezi. Ez gaitzatela konbentzitu gure ahotsak ttikiegiak direla, mobilizatzeak ez duela deusetarako balio. Inork ez diezagula erran herriak men egiteko jaio ginenik. Inork ez diezagula erran herri baten eskuendako handiegiak diren ametsik badagoenik.

Desesperantzaren aurka, antolakuntza, militantzia eta borroka.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun