Gazteok ere grebara!

Erabiltzailearen aurpegia Ekhi Txokarro Ezkurra 2026ko martxoaren 15a

Heldu den martxoaren 17an, lanbide arteko guttieneko soldata (LGS) 1.500 eurokoa izan behar dela aldarrikatzeko grebara deitu du Euskal Herriko gehiengo sindikalak.

Greba deialdi hau, ordea, ez da egutegiko data hutsal bat. Euskal Herrian lanbide arteko guttieneko soldata propioa aldarrikatzeko momentua da, hemen bizi eta lan egiten dugunon errealitatetik abiatuta erabaki nahi dugula aldarrikatzeko. Izan ere, bizi kostuak goiti egiten duen bitartean –etxebizitza, elikagaiak, argindarra–, soldatak ez dira neurri berean goratzen. Arrakala horrek milaka langile eta bereziki sektore zaurgarrienak –hala nola gazteok–, prekarietatera modu zuzenean bultzatzen gaitu.

Egun, aunitzek lan egin arren, ez dugu bizitza duina bermatua. Kontratu partzialak, aldi batekoak edo soldata baxuak ohiko bihurtu dira. Gazte aunitzendako emantzipazioa ez da hautu bat, ezinezko nahia baizik. Egoera horren aurrean, hemen erabakitako guttieneko soldata oinarrizko tresna litzateke, gure errealitate sozioekonomikoari erantzuteko.

LGS propioak aberastasunaren banaketa justuago baterantz urratsa ekarriko luke. Euskal Herriak gaitasun ekonomikoa badu, eta baditu baliabideak hemen sortzen den balioa hobeki banatzeko. Eztabaida ez da soilik zenbatekoari buruzkoa; erabakitzeko eskubideari buruzkoa ere bada. Zergatik ezin dugu hemen erabaki zein den guttieneko soldata duina? Zergatik onartu behar dugu gure beharretatik urruti dagoen marko bat?

Greba tresna zilegi eta eraginkorra izan da historikoki lan eskubideak lortzeko. Lanordu murrizketak, oporrak edo kotizazio sistemak ez dira opari izan; mobilizazio eta antolakuntzaren fruitu dira. Horregatik, martxoaren 17ko greba orokorra gehiengo sozial baten aldeko eguna da. Langile, gazte, emakume, genero disidente, migratu eta familia aunitzen eguneroko kezkak erdigunean paratzeko deialdia da.

Herri honek badu borondatea eta gaitasuna bere lan eta bizi baldintzak erabakitzeko. Eta erabaki horiek hemen hartu behar dira, hemen lan eta bizi garenon mesedetan. Martxoaren 17an grebara joatea ez da soilik aldarrikapen ekonomikoa; duintasunaren aldeko hautua da. Etorkizun justuago baten aldeko pausoa. Pausoa ematea dagokigu.

Hemen lan egin, Euskal Herrian erabaki! Gazteok ere grebara!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun