Etengabe dozenaka bideo eta argazki ailegatzen zitzaizkigun, eta anitzek ez zutela irudimenik falta onartu behar da. Jasotako ehunka «meme» horien artean bat da buruan ongi atxiki dudana. Bitan zatitua zen: gaineko irudian Titanic itsasontzia urperatzen ageri zen eta zera idatzia zen: «Mundua oraintxe bertan». Azpikoan, aldiz, film horren bukaeran, itsasontzia urperatzen ari den momentuan musikarien irudia. Hauxe idatzia zen: «irakasleak online irakasten». Xelebrea iruditu zitzaidan, baina aldi berean, errealitatearen isla. Mundua gelditzen ari bazen ere, irakasleok musika jotzen segitu dugu. Hezkuntza egoera horri buruz mintzo diren artikuluak ere andana izan dira. Horrela ba, neure buruari galdegin diot: zein izan dira jarraipen pedagogiko horren helburuak? Horrelako egoeretan deus gertatuko ez balitz bezala «irakasten» segitu behar genuke? Argi dago denentzat (familia nahiz irakasleentzat) egoera berria izan dela, denek egokitzeko gaitasuna erakutsi behar izan baitugu. Hala ere, agintariek, bai guraso, bai ikasle baita irakasleak ere tranpa batean sartu gaituztela iruditzen zait. Helburu berekin segitzea nahi izan dute, eta guk, noraezean, sistema segitu dugu. Gurasoentzat ere ez da erraza izan, anitzek haien lanaz gain, haien seme-alaben lana bermatu dutelako, eta hori txalotzekoa da.
«Agintariek, bai guraso, bai ikasle baita irakasleak ere tranpa batean sartu gaituztela iruditzen zait. Helburu berekin segitzea nahi izan dute, eta guk, noraezean sistema segitu dugu».
Hezkuntza sistema ez zaio egoera berezi honetara egokitu. Ez dut uste deus pasako denik ikasleek teorian orain bereganatu beharreko nozioak hilabete batzuen buruan bereganatzen badituzte. Zer aldatuko du horrek haien etorkizunean? Hogei urteren buruan sumatuko ote da, erraterako ikasle batek zatiketak usaian baino hilabete batzuk beranduago ikasi izana? Eskatu zaigun jarraipen pedagogiko horrek, pertsonei beharrean, sistemari erantzun diola uste dut. Eskolak ez ditu bakarrik nozioak bermatzen. Nozioez gain, bertze bizipen eta ikaspen franko bada eskolan. Bistan da ezin zela jarraipen hori bat-batean bertan behera utzi. Hezkuntza bermatu behar da, baina sistema aldatzen den neurrian, helburuak ere aldatu eta egoerari egokitu beharko lirateke.