Isiltasuna gurea da, naturalki gurea. Hitzen eta letren abiatoki. Atsedenaren helduleku. Merkea. Areago, pertsona sufrimenduen zale izaki, isiltasuna puskatzea da bizirik gaudela ohartzeko dugun erreminta bat. Jaio ere isilik jaio ginen (amatxoren oihuak alde batera utzita, noski), baina norbaitek ipurdi-masailean kolpe bat eman zigun negarrez has gintezen, bizirik gaudela adierazteko. Horra zein den nahigabean ikasten dugun lehen lezioa. Hor gaudela ezagutarazteko soinua egin beharra. Zer bertze azalpen izango du gaueko ordu txikietan ordu laurdenean behingo ezkilek, eliza hor dagoela ahantzi ez dezagun ez bada?
Aurrerapenen mundu honetan etxe altu baten ondoan altuago bat eraiki dugu, azkenerako altuenaren gainean orratz bat sartuaz. Lurrazalak ere asfaltoz maskaratu ditugu, baita laukiei borobilak jarri eta kotxeak asmatu, lehenago edo urrutiago ailegatzeko. Soinuen mundua da hau, isiltasuna isildu egiten duena, gaua iritsi artean behintzat.
Ikasi ere mila gauza ikasi ditugu, mila izen, mila teorema, mila formula. Beharrezkoak direnik ez naiz erraten ausartuko, baina lagunduko digute beharbada gure bidea aukeratzen. Nahasten ere batzuetan. Etengabeko hainbertze informaziok, ordea, gure baitako burrunba areagotzen dute, ez jakiteak jakinmina eragiten duen bezala jakiteak mina ekartzen ahal duelakoz. Etengabeko bakarrizketa horiek!
Hortaz esertzera gonbidatzen zaituztet, bizkarrezurra zuzendu eta begiak ixtera. Gelditzera. Sakon eta isilik arnastera. Zuen baitan atseden hartzera. Bi hitzetan: arnastera eta uztera. Arnastu bakarrik, eta bakarrik, ahaztuaz arnastu duzula. Ahaztuaz haizea esku artetik eskapatzen dela, maitasuna bezala. Ahaztuaz guzia. Arnastu porrota, garaipena, dirua, denbora. Arnastu eta erran aski. Lasai, ez duzu behar baino gehiago hartuko. Ez diozu inori ezer kenduko. Arnastu eta bizi. Arnastu eta utzi. Arnastu eta batez ere bizitzen utzi. Askatasun beltz bat da hau, isiltasunerantz, gurekin daramaguna, ariketa sinplea.