Osteopatia eskuzko medikuntza da, non osteopatak bere eskuak bestearen gorputzean errespetuz eta sentsibilitatez pausatzen dituen. Bere ezagupen teoriko eta praktikoak erabiliz, ehunen mugimenduaz ohartzen da eta mugimendua eteten den lekura joaten da. Gorputzaren egitura ezberdinen mugimendu galeraz gain, pertsonaren historia, bere ingurugiroa, familia, lana, gatazkak... kontuan hartzen dituena dugu.
Giza gorputzean atal guztiak erlazionatuak daude, multzo bateratu eta harmoniatsua osatuz. Honen ondorioz, edozein arazok, edozein mailatan, gorputz osoarengan eragingo du. Min edo sintoma konkretu batekin kontsultara goazenean, min hori azaleratzen den tokian aritzea esperoko dugu, baina sintomaren jatorria, gorputzean beste nonbaiten egon daiteke. Gorputzeko atal bat disfuntzioan dagoenean, beste guztiak birmoldatzen baitira, behin eta berriz, sintoma azaleratu arte.
Osteopata, bere eskuen laguntza eta babesarekin, gorputzeko ehunak sentitu eta 'aditzerakoan' oreka berriz ezartzen saiatuko da. Honek eragina edukiko du, gure osasun fisikoaz gain, gure egoera mental, nerbioso eta emozionalean. Terapia lasaigarri eta orekatzailea baita. Gure gorputzaren ongizatean eragin positiboa dauka, ez bakarrik gaixotasuna agertu denean, baizik eta prebentiboa ere badugu.
Ez dezagun ahaztu, gure izatea, gorputzaren bitartez gauzatzen dela. Berari esker sentitzen dugu, elikatu, mugitu, komunikatu, hitz batean esanda, BIZI gara. Arreta jar diezaiogun, saiatu sentitzen bere beharrak, eta mimatu dezagun gure gorputza. Bizitza honetan dugun ibilgailua dugu eta oso inportantea da ahal den eta hoberen zaintzea, gure altxorrik preziatuena bezala, bizitzako bidaiaz gozatzeko.