Zertan oinarritzen den ulertzeko, edozein asmakizun argitaratu eta babesteko izan diren moduei arreta jarri behar diogu. Erdi Aro amaierako Venezian egiten ziren artisautza merkatuetan emandako asmakizunak babestu eta artisau-tailerrak bultzatzeko, 1450. urtean sortutako legeak izan ziren lehenak, teknika sekretuak plazaratzeko ordainean, epe batez monopolio komertzialaren eskubidea ematen zitzaien, estatu arautzaileen zergapean. Mende batzuen buruan, industria iraultzarekin batera lehen patente nazionalak eta ondoren nazioartekoak sortu ziren XIX. mendearen hondarrean. Hauetan egile eskubide (ingelesez Copyright) bidez araututako obren jabetza intelektualaz gain, jabetza industrialean oinarritutako berrikuntza teknikoak arautu zituzten, zehazki diseinu industrialak (produktuen kanpoko itxura), eredu erabilgarriak (produktu eta prozedura errepikakorrak) eta marka komertzialak. Honela, gaur egun, multinazionalen mesedetan sektore farmazeutiko eta bioteknologikoek gordetzen dituzte patente gehien. Softwareari dagokionez, XX. mende bukaeran, zenbait enpresek eredu itxi honi jarraikiz software pribatiboak eta lizentzia bidezko erabilpenak sortzen zituzten bitartean, praktika horiekin kritikoak ziren zenbait informatikarik, hauen artean Richard Stallman aitzindariak, 1983. urtean software askeko eredu alternatiboan oinarritutako GNU proiektua eta FSF (Free Software Foundation) ekimenen bidez, mugimendu etiko-filosofikoa sortu eta bultzatu zuten, 1985ean GNU manifestua plazaratuz. Ondorengo urteetan softwarea elkarsortzeko, partekatzeko eta erabiltzeko modu berri horiek arautzeko software libreko lizentziak sortzen joan ziren. Kode irekiko softwarea (ingelesez open source software), software librearen alde teknikoa definitzeko erabiltzen dela erran dezakegu.
Bidazi elkartean, taldean eta sarean modu irekian lan egiteko eta libreki harremantzeko modu hori partekatzen dugulako, software librean oinarritutako programa informatikoak erabiltzen ditugu soilik, defendatzen dituzten balio etiko-filosofikoekin bat eginez: helburua edozein dela ere, exekutatu ahal izatea; aztertu eta aldatu ahal izatea; kopiatu ahal izatea eta hobetu, eta hobekuntza horiek publiko egin ahal izatea, komunitatearen onurarako.