Lehendabizikoa, elikadura burujabetza da.
Hau, herriek, komunitateek eta herrialdeek beren nekazaritza, labore, arrantza, janari eta lurralde politika propioak definitzeko eskubide bezala definitzen da, nork bere ezaugarrien arabera modu ekologikoan, sozialean, ekonomikoan eta kulturalean egokiak diren jarduerak erabiliz.
Hau da, gure inguruan ditugun baliabideak ahalik eta modu egokienean erabiliz (natura eta gizartea errespetatuz) lortzen ahal den subiranotasuna. Kanpotik heldu diren 'erasoei' aurre egiteko dugun erreminta.
Eta gaur egun, aukera hau errealitate bat da gure eskualdean, Bidazi kontsumo elkartearen bidez, batik bat.
Bigarrena, energia burujabetza da.
Energia, batik bat elektrikoa, egungo gizarteetako oinarrizko ondasun bilakatu da, ura edo elikagaiak bezain beharrezkoa. Herritarrek oinarrizko ondasun honekiko kontrola berreskuratzea da energia burujabetza eta honen garrantziaz jabetzea, energiaren kontsumo arduratsu eta iraunkorra eginez.
Subiranotasun energetikoa berreskuratu nahi badugu, merkatu energetikoa kontrolpean duten enpresa haundiak baztertzen joatea bertzerik ez dugu, bertze modelo energetiko bat bultzatzen duten mugimenduen alde.
Eta arlo honetan ere, Goiener kooperatiba energetikoa aukera bezala azaltzen zaigu.
Eskualdean presentzia duten bi proiektu hauek gainera, lokal berriak estreinatu dituzte:
Bidazik, San Esteban karrika 11n du bere azoka berria, Beran eta Goienerrek, Nafarroan bere lehenengo bulegoa ireki du, Iruñean, Kale Berrian 111. zenbakian.
Bi arlo horietan, gure eskura ditugun baliabideak erabiliz, poliki-poliki pausuak ematea funtsezkoa da, bai gizarte osasuntsuago bat lortzeko, baita gure ingurugiroa zaintzeko ere.
Gizartea lo dagoela diote batzuek, baina burujabetza errealitate bilakatzeko lan egiten duten proiektuak geroz eta gehiago dira, errealitate bat dira eta gure inguruan daude.
Ez dezatela erran!
Miren Olaetxea Indaburu