Makrobiotika

Erabiltzailearen aurpegia Bidazi 2018ko mai. 27a, 11:44

Zer da makrobiotika? Horretan gabiltzanok hainbat irizpide ditugu galdera horri erantzuteko. Askorentzat, bizitzeko filosofia bat da; beste askorentzat, naturarekin bat eginik bizitzea da; batzuentzat, osasuntsu bizitzea; eta nola ez, askok uste dute makrobiotika gaixo daudenen elikadura dela osasuna berreskuratu eta mantentzeko…

Artikulu honetan, elikadura makrobiotikoari buruz idatzi dugu. Elikadura bizitzeko behar dugu, baina, nola elikatu? Naturak zein biologiak erantzun hauek ematen dizkigu:


a) Natura: ingurune bakoitzak bere ezaugarriak ditu, eta, tradizioz, herri batetik bestera ezberdinak dira (hobe esanda, ziren). Era berean, gure elikadurak urtaro bakoitzera egokitu beharko luke. Gure elikadurak ez du berdina izan behar udan eta neguan, udaberrian eta udazkenean.


b) Hestea: gizakion hestea belarjalearena baino motzagoa da eta haragijalearena baino luzeagoa. Beraz, haragijaleak heste motza duenez, azkar digeritzen du. Gure kasuan, ordea, heste luzeagoa dugunez, jaten dugun haragia gorputzetik kanporatu baino lehen usteltzen zaigu.


c) Odolaren pH-a: gure odolak pH-a pixka bat alkalinoa du, animalia belarjalearen antzera. Gure odolaren pH-a orekatuta izateko, azidotzen duten elikagaiak murriztu behar genituzke, eta odola alkalinatzen dutenak gehitu, hots, haragiak gutxitu eta barazkiak gehitu.


d) Hortzeria: gure hortz eta haginek zer jan behar genukeen adierazten digute. Haurtxoak garenean, hortzik gabe, titia hartzen dugu. Helduak garenean, 32 hortz ditugu: 8 ebakortz, haragia urratzeko; 4 letagin barazkiak eta frutak txikitzeko; 20 hagin eta aurre-hagin zerealak, haziak, fruitu lehorrak eta lekaleak murtxikatzeko. Beraz, gure elikaduran, zereal osoak, barazkiak eta fruitu-lehorrek %62,5a osatu beharko lukete; frutak %12,5a eta haragiek %25a.


Lurrak gure gorputzak behar duena sortzen du: klima beroko lekuetan, gorputza hozten duten elikagaiak; eta lurralde hotzetan, berotzen dutenak. Jin eta jang legearen arabera, jin-ek jang sortzen du eta jang-ek jin. Karibean, bero asko egiten duenez, fruta asko, gozoak eta ur asko dutenak ematen ditu lurrak, gorputza freskatzeko. Poloetan, hotz handiko lurraldeetan, ez dute barazkirik eta koipe asko duten abereez elikatzen dira. Jang elikadura behar dute gorputza berotzeko.


Zer esan nahi du honek? Naturari begira elikatu eta garaiko eta lekuko elikagaiak hartu behar ditugula. Egun, munduko leku batetik bestera mugitzen dituzte elikagaiak, eta gu, sena galduta, ikusmenarekin, zaporearekin… elikatzen gara. Natura kontuan hartu gabe elikatuz, gorputza hozten diguten elikagaiak neguan hartzen ditugu (tropikoko frutak, lekak, tomateak, kuiatxoak…), edo, udan, bero handia egitean, barbakoak egiten ditugu nonahi… gure osasunaren kaltetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun