FIARE, bertze banketxe bat gehiago?

Erabiltzailearen aurpegia Bidazi 2018ko mar. 13a, 14:23

Fiare Banku Etikoa izeneko banke­txea, au­rrezki eta kreditu kooperatiba bat da. Bertze edozein banketxetan bezala, nominak helbideratu, trans­ferentziak, txartelaren bidez ordaindu eta gisako bes­te eragiketak egin daitezke. Diferentzia bakarra, eragiketak interneten bidez egiten direla da (toki aunitzetan bulegorik ez dagoelako).

Bere jarduerak, honako helburu bikoitzari erantzun nahi dio:
1. Gizarte-eragin positiboa izan dezaketen jarduera ekonomikoak finantzatu. Hala nola, osasun-gizarte zerbitzuak, etxebizitza sozialak, energia berriztaga­rriak, gertuko nekazaritza, hezkuntza eta baloreen eraldaketa, pertsonen gizarteratze, ipar-hegoa kooperazioa eta bidezko merkatari­tza.
2. Aurrezle eta inbertitzaileei bazkideak izateko aukera eskaintzen zaie. Bazkideek  kontrolatzen dute bankuaren jarduera, modu deszentralizatuta eta asanblearioaren bitartez. Era honetan, bazkideek erabakitzen dute zein proiektuak finantzatu. Bazkide bakoitzak boto bakar bat duenez (independenteki zenbat dirua ipini duen) kontrola korporazio edo bazkide ahaltsuen eskuetan eror­tzea ekiditen da.
Une honetan, Fiarek 2.400 bazkide eta 5.400 bezero dauzka Estatu osoan. Kapital soziala 3,1 miloi eurokoa da. Aipatzekoa da badaudela kide egin diren udalak. Horien artean, Burlata, Antsoain, Berriozar eta Atarrabia Nafarroan eta gure inguruan Donostia, Erren­teria eta Hernani.
Fiarek finantzatzen dituen proiektuak eta enpresak «gizarte eta elkartasunezko ekonomia» esparruan koka­tzen direnak dira. Horra hor gure inguruan Fiarek finantzatu dituen proiektu batzuk: Goiener (Energia Be­rriztagarrien Sorkuntza eta Erosle Kooperatiba), Emaus Gizarte Fundazioa, EHNE (Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna), Hegoak elkartea eta hainbeste fundazio eta kooperatiba. Fiarek finantzatzen duen proiektuen zerrenda publikoa egiten du. Ondoko orrian beha daitezke: https://www.fiarebancaetica.coop/ conmidinero  
Bidaziren gisan, Fiarek ere, solidarioa, ekologikoa, arduratsua, jendearengandik hurbila eta auzolanean oinarritzen den mundua bultzatzen du. Azken finean «gizarte eta elkartasunezko ekonomian» oina­rritzen den gizarte berri bat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun